2021/01/25
341. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
COVID-19an sexuak duen eragina aztertzeko eskatu dute
SARS-CoV-2ak eragiten dituen ondorioak ez dira berdinak gizonetan eta emakumeetan; adibidez, infektatuz gero, gizonek 1,7 aldiz arrisku handiagoa dute hiltzeko emakumeek baino. Baina emakumeak ez dira aintzat hartzen tratamenduen eta txertoen ikerketetan, Yale Unibertsitateko bi ikertzaile emakumezkok
Science aldizkarian salatu dutenez. Haien esanean, ezinestekoa da sexuak erantzun immunitarioan nola eragiten duen ulertzea, COVID-19a zein beste gaitz infekziosoak hobeto ezagutzeko eta haiei aurre egiteko.
Azaldu dutenez, gizonek erantzun immunitario apalagoa izaten dute, eta errazago infektatzen dira emakumeak baino. Hauek, ordea, gogorrago erantzuten dute, eta, batzuetan, erantzun hori gehiegizkoa ere izan daiteke; hala, immunopatologiak izateko arrisku handiagoa dute.
Bereizketa horren atzean, sexu kromosomikoa eta hormonak daudela uste dute ikertzaileek. Bi X kromosoma izateak aukera ematen du immunitate-gene gehiago aktibatzeko, eta estrogenoek eragin babeslea dute infekzioetan.
COVID-19a ez da salbuespena, baina, oro har, datuak ez dira bereizita aztertzen ari eta ikerketetan ere ez dira kontuan hartzen ari diferentzia horiek. Hortaz, ez dago jakiterik, esaterako, sendagai bat aproposagoa ote den sexu baterako edo besterako, edo dosiak egokitu egin behar ote diren.
Txertoen kasuan, txertaketak hasi zirenean, ez zekiten seguruak ote ziren haurdunentzat eta bularra ematen ari zirenentzat, aurrez ez zutelako aintzat hartu. Gauza bera gertatzen zaie transexualei.
Azkenik, emakumeen eta gizonen areko diferentzia sozialak eta portaerazkoak ere kontuan hartu beharko liratekeela ohartarazi dute ikertzaileek, horiek ere eragiten baitute infektatzeko arriskuan eta gaixotasunaren bilakaeran.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.