Joan den azaroaren 18an NASAk Cosmic Background Explorer (COBE) satelitea jaurti zuen Kaliforniako Vandenberg basetik. Satelitearen hiru esperimentuak unibertsoaren jatorriaz azterketak egiteko diseinaturik daude.
COBEren bi tresnek kosmosaren hondo-erradiazioa aztertuko dute. Astronomoek diotenez erradiazio hori Big Bangaren erlikia da. Leherketa Handia gertatu eta 100.000 urtera, unibertsoa hoztu egin zen eta elektroiak eta nukleo atomikoak elkartu egin ziren atomoak eratzeko. Horrela, unibertsoa lehen aldiz erradiazioarekiko garden bilakatu zen. Erradiazio horren hondakinek osatzen dute hondo-erradiazioa.
Mikrouhinen Erradiometro Diferentzialak zeru osoa miratuko du hondo-erradiazioaren distira-diferentziak detektatzeko. Infragorri Urruneko Espektrometro Absolutuak hondo-erradiazioaren distira zenbait norabide eta infragorrizko uhin-luzera jakinetan neurtuko du. Horrekin 2,7 K-ri dagokion espektroa ote duen ikusi nahi da. Goitik joateak, unibertsoak uste baino energia gehiago duela suposatuko luke.
Hirugarren tresna, Hondo-Infragorri Difusoaren Esperimentua da eta lehen galaxiek igorritako argi infragorria detektatzea da helburua.
Azken bi esperimentuek oso ingurugiro hotza behar dute. Beraz, bero-iturrietatik isolatu egin behar dira. Detektoreak helio likidoz betetako Dewar untzi batean, termo handi batean azken finean, murgildurik daude. Detektoreak -271°C-ko tenperaturan mantentzen dira. Helio likidoa noski, lurrindu egiten da eta misioaren diseinatzaileek helioak urtebete iraungo duela uste dute. Beraz, COBE satelitearen bizia nahikoa mugatua da.