Chlamydia-k gantza maite du

Chlamydia-k gantza maite du
2006/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Sexu bidez transmititzen den bakterio batek ugaltzeko zer estrategia erabiltzen duen aztertu dute ikertzaileek, eta bakterioak zirkulazio-aparatuko arazoekin duen lotura argitzeko bidea ireki du horrek.

Chlamydia trachomatis izena du bakterioak, eta erraz infektatzen ditu pertsonak, batez ere sexu-harremanen bidez. Ohikoa bada ere, orain arte zientzialariek ez zituzten ezagutzen infekzioaren alderdi asko.

Orain, Duke Unibertsitateko ikertzaileek ikusi dute nola erabiltzen dituen bakterioak zelula barruko lipidoak bere mesedetan. Zelularen organulu batzuetan, bakuoletan, ugaltzen da bakterioa, eta inguruan lipidoak metatzen ditu. Dirudienez, infekzioaren eraginez, zelulak lipido gehiago ekoizten du; hala, infekzioa gertatu eta bi egunera, bost aldiz lipido gehiago dago.

Gainera, frogatu dute lipidoak ekoiztea galarazten bada bakterioak ezin duela ugaldu. Bestetik, lipidoen ekoizpena areagotzeak arazo kardiobaskularretan eragina izan dezakeela uste dute ikertzaileek. Izan ere, infekzio kronikoetan askotan izaten dira halako arazoak, adibidez, arteriak buxatzea eta bihotzeko gaitzak.

Berriak labur
3
1
217
2006
2
005
Medikuntza
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila