Burmuinaren pelikula

Vienako Unibertsitateko eta MITeko ikertzailez osatutako talde batek bizirik dauden izakien neuronen aktibitatea jasotzen duen irudi-sistema bat sortu du. Teknika aitzindaria da, eta neurona-sareek informazio sentsoriala nola prozesatzen duten ulertzen lagunduko duela espero da.

Caenorhabditis elegans zizareak eta zebra-arrainak erabili dituzte ikerketa-saioetan. Zizareen kasuan, irudi-sistema berriak neurona bakoitzaren aktibitatea jaso zuen; zebra-arrainen larben kasuan, berriz, burmuin osoaren aktibitatea harrapatu zuten.  Horrela, nerbio-sistemaren aktibitatea inoiz ez bezala ikustea lortu dute.

Irudi-sistema berria sortzeko, neuronek igortzen dituzten seinale elektrikoetan oinarritu dira zientzialariak. Sentsazioak, emozioak, aginduak, pentsamenduak eta abar kudeatzeko, neuronek seinale elektrikoak igortzen dituzte. Hori egitean, kaltzio-ioiak askatzen dira. Kaltzioarekin bat egiten duten proteina fluoreszenteak bideratuz gero, zientzialariak gai dira neuronen seinale elektrikoak antzemateko. Orain arte, ordea, ezinezkoa izan da burmuin oso baten aktibitatea gertatu ahala eta hiru dimentsiotan jasotzea. Lan honetan, baina, zientzialariek, lehendik bazeuden teknologiak konbinatuta –laserrak eta laser bidez sortutako irudiak lortzen dituzten mikroskopioa bereziak­–, burmuineko aktibitatea jasotzea lortu dute. Bideoa ere egin dute.

Horrelako ikerketek nerbio-sistemako gaixotasunen oinarriak hobeto ulertzen lagunduko dutela espero da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila