Bozgorailuak asmatu zirenetik asko aldatu eta aurreratu dira, baina bada aldatu ez den kontu bat: bolumen handia izaten jarraitzen dute. Irrati-kasetak eta konpaktuak garai batekoak baino dezentez txikiagoak diren arren, bozgorailuak oraindik ere handiak dira eta askotan non jarri asmatu ezinik ibiltzen gara, bai estetikari eta bai soinu-kalitateari dagokionez. Askotan pentsatu izan dugu egokiena paretean edo altzarietan barneratzea litzatekeela, baina ez da erraza. Orain ordea, Erresuma Batuko enpresa batek bozgorailu lauak komertzializatu ditu.
Azken 30 urteetan saio asko egin diren arren, beti soinu-kalitatea galtzen zuten, baina bozgorailu berri hauekin arazo hori gainditzea lortu dute. Diotenez, soinua oso modu uniformean zabaltzen da eta ez du aurrekoek bezain beste bolumenik galtzen urrundu ahala, beraz oso egokiak lirateke geltoki, aireportu eta bestelako toki publikoetarako ere. Etxean, noski, ia edonon egokitu ahal izango dira. Oraingoz, enpresak beste enpresetako 50 lizentzia-eskari jaso ditu eta bere akzioak % 400 igo dira. Asmakuntza ona da, nonbait.