Botoxa, larruazaletik garunera

Botoxa, larruazaletik garunera
2008/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Botoxak orain arte ezagutzen ez zen eragin bat duela ikusi dute Pisako Neurozientzia Institutuko neurologoek. Toxina botulinikoaren izen komertziala da botox, eta oso ezaguna da, ez ezagutzen den toxinarik indartsuena delako bakarrik, baizik eta, eta batez ere horregatik, zimurrak lisatzeko erabiltzen delako, larruazalean injektatuta.

Orain, arratoiekin egindako esperimentu batean frogatu dute larruazalean injektatutako toxinaren zati bat garunera iristen dela. Han, proteinak degradatzen ditu eta neuronetan eragiten du. Hala eta guztiz ere, ikertzaileek ez diete arratoiei inolako ondoriorik antzeman, ez portaeran, ez funtzio biologikoetan ere.

Esperimentuaren emaitza ikusita, ikertzaileek bi ondorio atera dituzte. Batetik, badaezpada ere, botoxa orain arte baino are kontu handiagoz erabiltzea gomendatu dute. Bestetik, pentsatu dute agian posible izango dela garunean duen eragina mesederako erabiltzea, adibidez, epilepsia eta neuronen gehiegizko aktibitatearen ondorioz sortzen diren beste arazo batzuk tratatzeko.

1
242
2008
5
027
Medikuntza; Anatomia/Fisiologia
Berriak labur
13
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila