Bolkanismoa ez zen dinosauroen galeraren azken eragilea izan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

bolkanismoa-ez-zen-dinosauroen-galeraren-azken-era
Deccan bolkanismoaren irudikapen grafikoa. Arg. By Leonardo HerSan - Own work, CC BY-SA 4.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=114518575

Zientzialarien artean eztabaidagai izan da zenbaterainoko eragina izan zuten sumendiek dinosauroen galeran. Izan ere, Chicxulubeko kraterra sortu zuen asteroidearen talkaren aurretik, erupzio masiboak izan ziren Indian. Gertakari horri Deccan bolkanismoa deitzen zaio, eta, askatutako gasek eta errautsek kliman izan zuten eraginagatik, bizidunetan ere eragin zuela uste dute zientzialariek. Orain arte, hala ere, ez dute jakin eragin hori hilgarriagoa izan ote zen asteroidearen talkarena baino, ala alderantziz.

Orain, AEBko antzinako zohikaztegietako molekula fosilak aztertuta, ikertzaile batzuek erupzioen eta asteroidearen talkaren bitarteko tenperaturak argitu dituzte. Horren bidez, ikusi dute erupzio masiboak talka baino 30.000 urte lehenago gertatu zirela, eta horrek bat egiten duela klima 5 ºC hoztearekin. Ikertzaileen ustez, erupzioek atmosferara askatutako gasek eguzki-izpiak Lurraren azalera iristea oztopatu zuten, eta horrek ekarri zuen hoztea. 

Klima hotz horrek 10.000 urte inguru iraun zuen. Hala, asteroidearen talka gertatu baino 20.000 urte lehenago, tenperatura berriro igo zen, eta erupzioak hasi baino lehenagoko mailara iritsi zen. Hortaz, ondorioztatu dute, erupzioek bizidunetan eragina izan bazuten ere, ez zutela hainbesteko eragina izan dinosauroen desagerpenean. 

Asteroidearen talkak, berriz, erabateko hondamendia eragin zuela azaldu dute: hoztea, suteak, tsunamiak, lurrikarak… Horrenbestez, dinosauroen galeraren azken eragilea asteroidea izan zela proposatu dute ikertzaileak. Science Advances aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila