Lurrean inoiz izandako bolkanismo bortitzenak ez zuen eragin dinosauroak desagertzea

lurrean-inoiz-izandako-bolkanismo-bortitzenak-ez-z
Zaragozako eta Bartzelonako Unibertsitateetako ikertzaileek gidatu dute Zumaiako labarretan egin den azterketa. Arg. Geoparkea

Zumaiako itsaslabarretan egindako ikerketa batek urte luzeko eztabaida itxi du: kretazeo bukaeran Indian jazotako muturreko bolkanismoak, Lurrean inoiz izan den bortitzenak, oso eragin txikia izan zuen dinosauroen desagertzean. Horrek berretsi egiten du duela 66 milioi urte Mexikoko Yucatán penintsulan jotako asteroidearen inpaktuak eragin zuela dinosauroen eta beste bizidun suntsipen masiboa.

Dinosauroen desagerpena planetako bost masa-suntsipen handietako bat izan zen, Kretaziko-Paleogeno  (K/Pg) mugan gertatu zena. Horregatik, duela 66.4 eta 65.4 milioi urte bitartean metatutako mikrofosiletan aberatsak diren sedimentuak eta arrokak ikertu dituzte, desagertze masiboaren aurreko eta ondorengo klima-aldaketak aztertu ahal izateko. Gertaera klimatikoen datazio zehatza egin ahal izan dute. Izan ere, garai hartan hiru gertaera hipertermal izan ziren: horietako bi suntsipen masiboaren ondoren gertatu ziren eta, beraz, ez zuten eragin zuzenik izan suntsipenean; baina hirugarren bat suntsipenaren aurretik gertatu zen, eta 2 °C eta 5 °C bitarteko berotze globala eragin zuen. Ikertzaileek argitu nahi izan dute berotze global hartan eraginik izan ote zuen garai hartan Lurrean izandako orbita-aldaketak eta Indiako bolkanismo masiboak (atmosferara berotegi-efektuko gas-kopuru handiak isuri zituena).

Zumaiako flysch-ean aztertutako esferula-geruzak. Yucataneko inpaktuak sortutakoak dira esferulak. Arg. Geoparketa

Azterketak frogatu du klima-aldaketa orbital horiek pixkanaka-pixkanaka gertatu zirela ehunka mila urteko eskalan (bolkanismoak puntualki areagotu bazituen ere), eta ez dutela zerikusirik K/Pg mugako espezieen suntsipen masiboarekin. Alderantziz, datu horiek iradokitzen dute desagertzea Lurreko sistematik guztiz kanpo zegoen zerbaitek eragin zuela; hain zuen, Kretazeoaren amaierako berotze global horretatik 100.000 urtera jotako asteroidearen inpaktuak.

Zumaiako labarretan egin da azterketa, Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkea izendapena jasotzen duen gunean, eta Zaragozako eta Bartzelonako Unibertsitateetako ikertzaileek gidatu dute. Geology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, eta, hala, amaitutzat jo dute 30 urte baino gehiago daramatzan eztabaida luzea.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.