Hezur-muineko transplanteak GIBa desagerrarazteko duen gaitasuna, ikergai

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Leuzemia tratatzeko hezur-muinaren transplante bat jaso ondoren, GIBa detektaezin bihurtu zaie zenbait pazienteri. Ondorio horren atzean dauden mekanismoak argitzea da Jon Badiola Gonzálezen helburua, egunen batean GIBaren aurkako terapian aplikagarriak izango diren itxaropenarekin. Duela gutxi, Europako odol eta hezur-muineko transplantearen elkarteak ematen duen Best Young Abstract Award saria jaso du lan horrengatik.
bizkarrezur-muineko-transplanteak-giba-desagerrara
Jon Badiola hematologoa eta ikertzailea. Arg. Irsi Caixa

Bere lanari buruz hitz egitean, lehenik, “Berlingo pazientea” ekarri du gogora Badiolak: “Hezur-muineko transplantearen ondorioz, hiesa sendatu zitzaion pertsona baten kasua da. Leuzemia eta hiesa zituen, biak, eta, 2008an, beste aukerarik ez zegoela eta, leuzemia sendatzeko hezur-muineko transplantea egitea erabaki zuten. 10 emaile bateragarri topatu zituzten, eta, haien artean, bazen bat GIBari zeluletara sartzea eragozten dion mutazio bat zuena: CCR5 Delta32 mutazioa. Emaile horren hezur-muina transplantatu zioten, beraz, eta emaitza ezin hobea izan zen: leuzemia sendatzeaz gain, GIBa desagerraraztea lortu zuten”.

Badiolak azaldu duenez, mutazio hori Afrikako prostituta batzuetan dokumentatu zen lehen aldiz, eta, gutxi gorabehera, populazioaren % 1ek du. GIBak zelulen barrura sartzeko erabiltzen duen errezeptoreetako batekoa da: mutatuta dagoenez, birusak ezin du zelulara sartu, eta, beraz, ezin da ugaldu.

GIB birusek infektatutako T linfozitoa Arg. NIAID

Badiola Berlingoaren antzeko bi paziente ari da ikertzen Virgen de las Nieves Unibertsitate Ospitalean (Granada), baina badute harengandik bereizten dituen ezaugarri bat: haiek jasotako hezur-muinak ez du mutazio hori, eta, hala ere, GIBa detektaezin bihurtu zaie.

“Berlingoaren kasuan, sendatuta dagoela esan daiteke, ez baitu botikarik hartzen eta ezin zaio birusa detektatu. Granadako pazienteei ere ezin diegu detektatu, baina, oraingoz, erretrobiralak hartzen jarraitzen dute”, zehaztu du Badiolak.

Gordailuetan ere ez

Erretrobiralak hartzen dituzten pazienteetan, normala da odolean ez agertzea birusik. Alabaina, gordailuetan ezkutatzen da; horregatik, ezin dute tratamendua eten. Hezur-muineko transplantea jaso duten bi paziente horietan, ordea, odolean ez ezik, birusaren gordailuetan ere begiratu dute: leukozitoak, hezur-muina, likido zefalorrakideoa, ileona eta guruinak. Eta ez odolean, ez gordailuetan, ez dute birusik detektatu.

Horrez gain, paziente horien 100 milioi linfozito injektatu dizkiete laborategiko saguei (hiesa ikertzeko genetikoki eraldatutako saguak), eta haiek ere ez dute garatu hiesa. Horrenbestez, badirudi desagertu egin zaiela GIBa.

“Hurrengo pausoa erretrobiralak hartzeari utzi eta zer gertatzen den aztertzea da”, aurreratu du Badiolak. Bi paziente horiek 2009an eta 2013an jaso zuten transplantea, eta Badiolak bi urte daramatza haien kasua ikertzen. Haren azken helburua da jakitea nola lortzen duen hezur-muinaren transplanteak GIBa desagertzea.

Izan ere, Badiolaren esanean, ez da errezeptoreen mutazio-kontu hutsa: Berlingo pazientearen metodologia probatu zuten beste batean, eta ez zen osatu, birusak beste ko-errezeptore bat erabili zuelako, CXCR4 errezeptorea, hain zuzen. Hortaz, beste faktore batzuk ere eragiten dute GIBa desagertzean. Horiek dira ikerketaren jomuga.

Badiolak garbi utzi nahi izan du hezur-muineko transplantea ezin dela izan GIBAren aurkako tratamendu bat: “Transplante horiek arrisku handia dute, eta antierretrobiralekin hiesa gaitz kroniko bihurtzea lortu dugu. Beraz, gaur egun, antierretrobiralak dira aukera onena”.  Edonola ere, transplantearen eragina ondo ezagututa, litekeena da hura imitatzeko terapiak sortzea etorkizunean, eta horretarako ari da lanean.

Ikerketa IciStem nazioarteko proiektuaren parte da. IrsiCaixa Hiesaren Ikerketarako Institutuak (Bartzelona)  eta Utretcheko Unibertsitateko Zentro Medikuak (Herbehereak) zuzentzen dute, eta anfAR Fundazioak (AEB) finantzatzen du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila