Bizkarrezur-muin kaltetuak deuseztatzeko antigorputza

Bizkarrezur-muin kaltetuak deuseztatzeko antigorputza
2008/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: PHIL)

Bizkarrezur-muinaren transplanteak egin aurreko tratamendua saihestea posible egin lezakeen bide bat aurkitu dute Kaliforniako Stanford Unibertsitatean. Saguen bizkarrezur-muineko zelula amak deuseztatzen dituen antigorputz berezi bat erabili dute, transplantean sartuko diren zelula ama berrientzako lekua egiten duena.

Izan ere, gaixoaren bizkarrezur-muina deuseztatu egin behar da lehenik, ondoren berria sartu ahal izateko. Horretarako, kimioterapia- edota erradioterapia-tratamenduak ematen zaizkio, sartuko diren zelula ama berriei eraso egin diezaieketen immunitate-zelulak nahiz bizkarrezur-muineko zelula akastunak deuseztatzeko. Tratamendu horiek, halaber, albo-ondorioak dituzte: ilea galtzea, ondoeza eta abar.

Stanford Unibertsitateko talde horrek aurkeztu duen esperimentuan, ordea, ez da horrelako tratamendurik behar, eta, beraz, ez dago horrelako albo-ondoriorik. Saguen bizkarrezur-muineko zelula amak ezagutzen eta deuseztatzen dituen antigorputz bat erabili zuten. Zortzi egunean % 98 murriztu zen saguen bizkarrezur-muineko zelula amen kopurua. Hau da, transplantatu beharreko zelula ama berrientzat leku nahikoa egin zuen. Transplantea egin eta sei hilabetera, saguen immunitate-sistemako zelulen % 90 transplantatutako zelula amek sortuak ziren.

Saguekin egitea lortu dute. Orain, gizakietan eragin bera duen antigorputza bilatzea dute helburu.

1
238
2008
1
005
Medikuntza
Berriak labur
5
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila