Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte, eta ikusi dute ur hotza gustuko duten espezieak gero eta urriagoak direla, eta, era berean, ugaritzen ari direla ur beroaen zaleak. Ondorioz, hainbat funtzio ekologiko jokoan daudela ohartarazi dute.
Marine Environmental Research aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Azaldu dutenez, azken urteotan atmosferan sortu den gehiegizko berotasunaren % 90 itsasoak xurgatu du; horrenbestez, ozeanoen gainazalaren tenperaturak gora egin du nabarmen, eta, gainera, berotzea agerikoagoa da toki batzuetan besteetan baino: mundu mailan, hamarkada bakoitzeko 0,15 °C igo bada ere, euskal kostaldean 0,23 °C igo da. Egoera horren aurrean, Bizkaiko kostaldeko eremu bateko makroalgen komunitateei, azken 40 urteetako berotzeak nola eragin dien aztertu du EHUko Itsas Bentos Ikerketa Taldeak, Blaneseko Ikerketa Aurreratuen Zentrorekin batera.
Hala, espezie batzuk besteak ordezkatzen ari direla baieztatzeaz gain, kusi dute horrek aldaketak eragin dituela komunitateen egituran. Izan ere, gehien urritu diren espezieak, Gelidium corneum esaterako, egituratzaileak dira. Hau da, askotariko organismoentzako aterpe diren hiru dimentsiotako inguruneak sortzen dituzte. Bada, espezie egituratzaileak murrizten joan ahala, ez dute antzeman funtzio ekologiko garrantzitsu horiek ordezkatuko dituen beste espezierik. Hain zuzen, ugaritu diren ur beroko espezieak txikiagoak eta morfologikoki sinpleagoak dira. Horrek komunitateen degradazioa dakar.
Egoera horren aurrean, ikertzaileek azterketarekin jarraitzea eta monitorizazioak maizago egitea proposatu dute, makroalga-komunitateen portaera hobeto ezagutzeko eta zaurgarriak diren espezieen habitatak babesteko neurri proaktiboak hartzeko. Horietako bat izan daiteke, adibidez, babesleku klimatikoak izateko potentziala duten inguruak identifikatzea. Egoera atzeraezina izan aurretik soluzioak bilatzeko lanean ari dira, beraz.
Elhuyarrek garatutako teknologia