Disko gogorren teknologiak ez du irauten betiko, degradatu gabe. Kondizioen arabera, formatu digital batzuk hamarkada bat pasatu baino lehen has daitezke degradatzen. Horregatik, Kaliforniako Unibertsitateko fisikari batzuek molekulen mailan sortutako egitura iraunkor bat garatu dute. Karbonozko nanohodi baten barruan burdinazko kristal bat sartuta, bit moduan joka dezakeen egitura bat lortu dute. Korronte elektrikoa aplikatuta, kristala mugitu dezakete nanohodiaren mutur batetik bestera, eta, horrela, 0 eta 1 zenbakiak kodetu. Egitura hori ere degradatuko da denborarekin, baina, zientzialarien ustez, hori ez da gertatuko milioika urtean.