Birus erraldoia

Bakterio txiki baten tamaina oso tamaina handia da birus batentzat. Birusak hori baino bost aldiz txikiagoak izaten dira. Hala ere, tamaina horretako bat bada; ikertzaile frantses batzuek aurkitu zuten 2003an, eta Mimivirus izena eman zioten.

Normalean birusak ez dira biziduntzat hartzen, ez baitute beren kabuz ugaltzeko gaitasunik; beste zelula batzuk infektatu behar izaten dituzte, haien geneez baliatuta ugaltzeko. Baina Mimivirus horrek ohiko birusek baino gene gehiago ditu, besteak beste, DNA konpontzeko eta proteinak sintetizatzeko ezinbestekoak diren batzuk. Gene gehigarri horiek bere kabuz ugaltzeko gaitasun osoa ematen ez badiote ere, ikertzaile frantsesek uste dute Mimivirus biziduntzat har daitekeela.

Are gehiago, zelula baten nukleoak egiten duena egiteko gai da birusa, gutxi gorabehera. Horregatik, zelula nukleodunaren sorrera azaltzeko hipotesi berri bat plazaratu dute, nukleorik gabeko zelulek Mimivirus hori barneratuta sortu zela nukleoduna, alegia. Ez da hipotesi bakarra, baina bai birus bat kontuan hartzen duen lehenengoa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila