Onddoek, landareak petroliaoren etsai bihur ditzakete. Estatu Batuetako zientzilariek, material biologikoa etanol bilakatzeko prozesua erabat merkatu dezaketen onddoak identifikatu dituzte.
Etanola, gasolinaren arerioa da, zeren eta gaur eguneko automobilak %20 etanol dituen nahasteaz ibil bait daitezke. Gainera, etanolak beruna ordezka dezake oktano-maila handiagotzeko prozesuan. Hala eta guztiz ere, etanola gasolina baino askoz ere garestiagoa da eta bera merkatzeko egin diren esfortzuak antzu suertatu dira.
Material biologikoaren hartziduraz jadetsitako etanolak, petroliotik ateratakoarekin lehiatu behar du. Esaterako, petrolioaren cracking-ez lortutako etilenoa hidrolizatzea, merkeagoa da azukrea hartzitzea baino. 1970.eko hamarkadan petrolioaren prezioek gora egin zutenean, hartzidurak etanola sintetizatzeko bide egokia zirudien. Egun, petrolioaren kostuak behera egin duenean, hartzidurak ez dirudi horren erabilgarria. Estatu Batuetan egin berri den aurkikuntzak, egoera iraul dezake.
Landareetako material biologikoa %70 zelulosaz eta hemizelulosaz osatuta dago. Material biologiko honek iturri asko izan ditzake; nekazaritza, basoa, elikagai begetalen tratamendua, etab. Hondakin eta zabor hau birziklatzean, bi helburu bete daitezke: poluzioa txikiagotu eta erregaia lortzea.
Etanolaren sintesian, biomasarekin lan egin dezaketen mikroorganismoak behar dira. Baina, lehendabizi biomasa modu liserigarrian jarri behar zaie. Zelulosa eta hemizelulosa osatzen dituzten molekula luzeak hidrolisiz hautsi behar dira azukre osagarriak lortzeraino. Landare-biomasaren hidrolisiak, azukre hartzigarrizko kantitate handia sortzen du. Mikroorganismo gehienak azukretan ito egiten dira edo sortzen duten etanolak hiltzen ditu. Ingurunea diluitu egin behar izaten da mikroorganismoek bizitzerik izan dezaten, eta erreakzioa gelditu egin behar da etanol-kontzentrazioak maila hilgarriak lortu baino lehen.
Onddo berriak, Paecilonyces sp (NF1) izenekoak, abantaila nabariak ditu beste mikroorganismoekin konparatuz. Azukreen kontzentrazio handiagoak jasan ditzake eta kalitate handiko etanol bilakatzen ditu. Gainera tenperatura altuak, 43°C, eta nahikoa ingurune azidoak ere pairatzeko gai da. Zazpi egunez irauten duen prozesuan, 1 g azukretik 0,4 g etanol sortzen du.