Aspaldiko ustea da bihotzekoak jo ondoren miozitoak (giharretako zelulak) birsortu egiten direla. Hala ere, orain arte ez da uste hori baieztatzen duen froga argirik aurkitu. Duela gutxi, New York-eko Medikuntza Eskolako zientzialariek orain arteko ebidentziarik sendoena aurkitu dute. Bihotzekoak gehien kaltetutako ehun-zatia eta haren ingurua aztertu dituzte, eta mitosi-maila bietan oso handia dela ikusi dute.Hori horrela dela egiaztatzeko, hainbat faktore identifikatu eta neurtu dituzte.
Horietako bat Ki67 proteina da. Proteina hori zelularen bizi-zikloaren fase guztietan agertzen da, eta zelula zatitzen eta erreplikatzen ari dela adierazten du. Bestalde, mitosiaren irudiak ere lortu dituzte. Beste seinale argi bat indize miotikoa da, hau da, miozitoen zatiketa-maila neurtzen duen parametroa. Bihotz normalekin konparatuta, gehien kaltetutako ehun-zatian miozito-kopurua 70 aldiz handiagoa eta haren inguruan 24 aldiz handiagoa dela ikusi dute.
Hurrengo urratsa erreplikatzen diren miozitoen iturria aurkitzea da. Izan ere, nondik datoz zatitzen diren zelula horiek? Kaltea jasan ondoren ere zatitzeko ahalmena gordetzen duten zelulak izan daitezke edo, bestela, bihotzeko ama-zeluletatik sortutako zelulak.
Zientzialarien ustez, baliteke azken hori izatea. Horregatik, helburu nagusia bihotzeko ehunetan ere ama-zelulak daudela frogatzea da. Ondoren, zelula horiek kaltetutako ehunera mugiarazi, eta gihar-zati kaltetua konpondu eta bihotzekoa gutxitzea lortu nahi dute.