Genevako CERN zentruan dagoen LEP partikula-azeleratzailean lortutako datuek Big Bang-aren konfirmazioa eman dute aditzera.
Big Bang ereduaren arrakasta, neurri handia batean, unibertsoan dagoen elementu arinen ugaritasun erlatiboak (hasierako hidrogeno/helio ratioa batez ere) azaltzean datza.Elementu arin hauen fusioa hasierako unibertsoaren tarte labur batean gertatu zen. Une horren aurretik beroa handiegia zen nukleoak lotuta egon ahal izateko.
Tarte hori igaro ondoren, neutroi askeak ez ziren jada eskuragarri. Ugaritasun erlatiboa beraz, unibertsoak egoera hartan zenbat denbora egin zuenaren menpe dago. Hau hedapen-abiaduraren menpe dago eta ondorioz partikula arinen (neutrino arinen alegia) kopuruaren menpe. Kosmologistek ikusi dutenez, elementu desberdinen ugaritasun erlatiboa azal dezakete baldin eta lau neutrino-mota edo -aroma baino gehiago ez badago.
LEPek neutrino arinen kopurua eman du, elementuen ugaritasunari buruz edota kosmologiari buruz aldez aurretiko suposamendurik egin gabe. LEPen elektroi- eta positroi-sortek elkarren artean talka eginez ezereztatu egiten dute elkar, Zº partikula astuna sortuz. Zº partikularen desintegrazio-bide posibleen artean neutrino-pareak daude. Bestetik, Zº partikularen bizia zenbat eta laburragoa izan, hainbat eta neutrino-aroma gehiago egongo dira. Beraz, partikularen biziaren neurketa zehatzak emango digu neutrino-moten kopuru zehatza.
LEPen lortutako datuen arabera hiru neutrino-aroma baino ez dago. Big Bangak ondorioz, osasunez dirau.