Bi konstante, besterik ez, unibertsoa deskribatzeko

Bi konstante, besterik ez, unibertsoa deskribatzeko
2008/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Oinarrizko hiru kolore daude, eta beste guztiak hiru horiek konbinatuta lor daitezke. Fisikan antzeko zerbait gertatzen da unibertsoa definitzeko; fisikariek diote oinarrizko hiru konstante fisikotatik beste guztiak ondoriozta daitezkeela. Baina agian ez dira hiru; Brasilgo fisikari-talde baten arabera, bi konstante nahikoa dira, unibertsoaren fisika osoa finkatzeko. Ez dago beste aukerarik.

Orain arteko usteen arabera behar-beharrezkotzat jotzen ziren konstanteak honako hauek dira: argiaren abiadura, grabitazioaren konstantea eta Plancken konstantea. Lehenengoak adierazten du argia nola mugitzen den, bigarrenak grabitateak nolako indarra sortzen duen eta hirugarrenak zer erlazio dagoen uhin baten maiztasunaren eta energiaren artean.

Brasilgo fisikarien ustez, argiaren abiadura behar-beharrezkoa da unibertsoa definitzeko, baina beste biak batu egin daitezke konstante bakarrean. Hori egiteko, masaren erreferentziarik ez erabiltzea proposatzen dute. Bi konstanteak kilogramoaren bitartez daude definituta, baina erreferentzia hori ez da beharrezkoa. Eta kilogramoa kenduz gero, bi konstanteak batu egin daitezke, bakarra osatzeko. Konstante berria eta argiaren abiadura erabilita, diotenez, unibertsoaren fisika finkatuta dago.

1
239
2008
2
022
Fisika; Astrofisika
Berriak labur
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila