Grafenoa garrantzia hartzen ari da materialen zientzian; izan ere, karbono-atomo hutsez osatutako geruza bat da, eta horrek ezaugarri fisiko apartak ematen dizkio. Zientzialarien ustez, aproposa da nanomakinak egiteko, baina arazo bat dago: litekeena da nanomakina horren piezen artean frikzioa izatea, atomoen geruza bakar horrek frikzio handia eragiten duelako. Kanadako McHill Unibertsitateko eta Alemaniako Leibniz Institutuko bi talderen arteko elkarlanaren ondorioz, fisikariek aurkitu dute beste geruza bat gehitzeak konponduko lukeela arazoa; alegia, bi geruzako grafenoak geruza bakarrekoak baino askoz frikzio txikiagoa eragingo lukeela nanomakina batean. Izan ere, bi geruzako grafenoaren atomoek beste modu batera bibratzen dute. Aurkikuntza garrantzitsua izan daiteke, nanomakinetan frikzioa gerta litekeen edo ez modako eztabaida baita orain nanoteknologia-arloko ikertzaileen artean.