Berotegi-efektuko gasen isurketari buruzko plan berria iragarri du EPAk, AEBetako Ingurumena Babesteko Sailak. Haren arabera, estatu bakoitzak aukera izango du isuriei mugak eta helburuak jartzeko.
Trumpen planak atzera botatzen du Obamarena. 2030erako, isurketak 2005eko mailarekiko % 32tik behera murriztea zen haren helburua, eta, hori lortzeko, estatu bakoitzak bete beharreko neurriak ere zehazten zituen. Besteak beste, eraginkortasun energetikoa areagotzera ez ezik, ikatza energia-iturri berriztagarriekin ordezkatzera behartzen zituen instalazio industrialak. Gainera, karbono dioxidoa atmosferatik erauzi eta metatzeko teknologiak garatzeko asmoa ere aipatzen zen.
Obamaren plana ez zegoen oraindik martxan, aurrera eramateko legediak moldatu behar baitziren. Orain, baina, dena bertan behera geratu da. Hala ere, berotegi-efektuko gasen isuriak berez gutxitu dira azken hamarkadan; batez ere, ikatzaren ordez, beste energia-iturri merkeago eta eraginkorrago batzuk erabili dituelako industriak, hala nola gas naturala eta berriztagarriak. AEBetako Informazio Energetikoaren Sailaren arabera, 2005-2017 tartean, % 28 murriztu dira elektrizitate-industriaren isuriak.
Horrenbestez, plan berriak industriei bere horretan jarraitzeko aukera ematen diela salatu dute Trumpen asmoaren aurka dauden zenbait adituk., Zientzialari Arduratsuen Elkarteak ohartarazi duenez, iaz elektrizitate-industriaren isuriak hazi egin dira, azken lau urteetan lehen aldiz. Hortaz, Trumpen gobernuak iragarritako planaren aurka azaldu dira, baita ingurumen-arloan dabiltzan beste zientzialari asko ere.
Elhuyarrek garatutako teknologia