Ikertzaileek aztertu duten aldia Paleozeno-Eozeno maximo termal gisa ezagutzen da, eta gorabehera klimatiko azkarreko aldia izan zen. Zaldi fosilen hortzetako karbono-13 eta oxigeno-18 isotopoekin egindako neurketetan oinarrituta, ikertzaileek ikusi dute zaldien arbasoek % 30 murriztu zutela tamaina maximo termalaren hasieran, klima berotzearekin bat; eta % 70 handitu zirela beroaldiaren amaieran.
Sifrhippus generoko zaldien fosilak aztertu dituzte, denak Wyomingen dagoen Clarks Fork arroko aztarnategi aberatsekoak. Zaldi haiek gaurkoak baino askoz ere txikiagoak ziren, 5,5 kg ingurukoak. Hain justu, dinosauroak desagertuta, ugaztunak munduan barrena hedatzen ari ziren orduan, eta aldaketa azkarreko garaia izan zen hura gure arbasoentzat. Zaldienak, esaterako, Ameriketara iritsi berriak ziren, eta ikertzaileek aztertutako horiek dira ezagutzen diren zaharrenak.
Ikertzaileen esanean, ikerketak frogatzen du tenperatura dela Bergmann-en patroiaren eragilea. Ugaztun-espezieen bi herenek betetzen dute patroi hori: garai beroetan txikiagotu egiten dira, eta handitu garai hotzetan. Gorputzeko tenperaturari konstante eusteko beharrari lotutako patroia delako gertatzen da hori. Tenperatuta hotzetan, errazago eusten diote gorputzeko beroari tamaina handiko ugaztunek, bolumenaren eta azaleraren arteko erlazioa txikiagoa delako. Patroiaren eragileak klima eta ingurunearen produktibitatea –elikagai-ugaritasuna— direla jotzen da, baina Science aldizkarian argitaratutako ikerketan, tenperaturarekin bakarrik aurkitu dute korrelazioa ikertzaileek.