Leitzarango autobidearen inaugurazioa dela eta egunkarietan zenbait artikulu kaleratu dira. Batzuen hitzetan, horrenbeste zeresan eman duen “obrak” oso bukaera ona izan omen du, ezponda guztiak berde-berde, atseden-guneetan bista paregabeak ikusteko aukera,...
Esangura hauen atzean, azken urteetan gure gizartean “ekologiko” hitzaren babesean ezkutatzen denaren itzala ikusten da: berdearen gorespena. Azalduko dut. Autoen publizitatean erreparatzen badugu esaterako, auto ekologikoa (benetan ekologikoa ote?) kolore berdez agertuko da; gasolindegira joatean, berunik gabeko gasolina kolore berdez identifikatzen da; eta antzera fosfatorik gabeko arropa garbitzeko xaboi-kutxaren kolorearekin edo beste hainbat gauzarekin. Kolore berde honen inguruan, “naturala berdin berdea” eta ondorioz, “zenbat eta berdeago eta naturalago, edo ekologikoago” mezua irakurtzen da eta gezurra ez bada ere, ez da guztiz egia. Kantauriko autobidean, Saltacaballos parean, metro askotako zementuzko pareta dago, noski, berdez pintatua. Baliteke inpaktu bisuala murrizteko pintatu izana baina horregatik naturalagoa/ekologikoagoa ote?
Honen eraginez, azken urte hauetan hainbat obra publiko eta pribatuen ingurune inpaktua gutxiagotzeko besteak beste, belar hazien injekzioa eta zuhaitzak landatzea bultzatu da (Leitzarango autobidea adibide). Noski, iraganeko errepide-ezpondetako sareekin edo zementuzko estalkiekin erkatuz, ezin da ukatu, aurrerapauso izugarria eman da. Bazen errepide ertzetan berdea ikusteko garaia!. Baina hau horrela izanik ere, orain “berdetze indiskriminatuari” ekin behar al diogu?. Leitzaran eta antzeko “obra” erraldoiak egiten direnean, ezinbestez ezponda berriak irekitzen dira eta hauetan, berdeak ez diren arren, oso gauza interesgarriak eta sarritan ikusgarriak (erreparatuz gero!) agertzen dira; arroketaz eta hauetako fosil, aztarna eta egituretaz ari natzaizue.
(Zumaian Kretazeo-Tertziario arteko muga azaltzen dituzten arrokak esaterako). Gainera, gure lurraldeko begetazioa kontutan hartuz, horrelako ezpondetan ez bada, aukera gutxi izaten da lurrak bere baitan ezkutatzen duen informazioa ezagutzeko. Hau dela eta, jende arruntari oraindik arroketako historia irakurtzen erakutsi ez bazaio ere, zenbait kasutan landareak bezain naturalak eta ikusgarriak diren arrokek errespetua merezi dute, nahiz eta horiek berdeak ez izan.
Jakin, badakit, kasu askotan ezinbestekoa dena ezpondak landare-bidez finkatzea edo zementuzko paretak egitea, baina azken aldi honetan beldur naiz gehiegi pentsatu gabe ez ote diren egiten. Jakin nahi nuke horrelako ebaketak egiten direnean, ea norbaitek hauekin zer egin daitekeen pentsatzen duen edo zuzenean landareen ezarpena agintzen den, derrigorrez bete beharreko formula gisa!
Honekin ez dut esan nahi ezponda guztiak biluzik utzi behar direnik, ezta begetazioaren kontra nagoenik ere. Landareak itsu-itsuan aldatu edo haziak erein aurretik, ezponda ikustean harri zatiak edo lur ustela baino zerbait gehiago ikusten duenaren laguntzarekin, interesgarria den “beste” zerbait egon ote daitekeen behatu beharko litzatekeela esan nahi dut, eta kasu horretan gutxienez errespetatu, hau da, ez tapatu. Ezponda hauetako batean gaur egun horren ezagunak diren dinosauruen aztarnak edo hezurrak azalduko balira, belarrez estaliko al genituzke? Eta dagoeneko azaldu eta belarrez estali badituzte?