Robotiker-Tecnalia zentro teknologikoak bobeda-egitura duten modulu fotovoltaiko berrien azterketa egingo du. Modulu horiek Kyosemi Corporation Japoniako enpresak ekoizten ditu eta pasa den abenduan sinatutako akordioari esker lortu du horiek aztertzeko hitzarmena Robotiker-Tecnaliak.
Modulu berritzaile horiek hiru dimentsio dituzte, eta, ondorioz, orain arteko sistemek baino eguzki-argi gehiago jasotzen dute; beraz, energia sortzeko gaitasun handiagoa dute. Hala ere, produktua ikerketa-fasean dago.
Robotiker-Tecnaliak modulu berri horien tentsioaren eta intentsitatearen kurbak aztertuko ditu Eguzkiaren hainbat erradiazio-mailetarako, bai eta inklinazioek eta itzalek sortzen dituzten arazoak ere. Ikerketa horien bidez, modulu horiek hobetzeko ondorioak aterako dira, betiere ehunka moduluz osatutako sistemen eraginkortasuna hobetzeko.