Chang’E-4 misio txinatarra da Ilargiaren alde ezkutura joan den lehena. Yutu-2 ibilgailu robotikoak 2019ko urtarrilaren 19an zapaldu zuen Ilargia, eta, geroztik, ingurunea esploratzen aritu da. Orain, Txinako astrofisikariek iragarri dute beirazko esfera gardenak aurkitu dituela ibilgailuak. Science Bulletin aldizkarian eman dute horren berri.
Artikuluan azaldu dutenez, lehen ere aurkitu izan dituzte beirazko esferak Ilargian. Hauen berezitasuna da zentimetro gutxi batzuetako diametroa dutela, eta gardenak direla, kolore marroi argikoak. Izan ere, orain arte aurkitu izan diren gehienak (denak Ilargiaren alde ikusgaian) milimetrotakoak ziren, eta handienak opakuak ziren. Ezusteko aurkikutza izan da, beraz.
Yutu-2 ibilgailuak 700 metro egin ditu utzi zuten lekutik, eta, tarte horretan, bi perla aurkitu dituela baieztatu dute, 3 cm ingurukoak, eta aztertzen ari dira beste biren irudiak ere haien modukoak ote diren. Irudiak aztertzen ari dira, kolorea, morfologia, geometria eta balizko esposizio-urteak ezagututzeko.
Ikertzaileen arabera, talkaren baten ondorioz sortuak dira: Ilargiaren azala, nagusiki, feldespatoen taldeko mineral batez osatuta dago, plagioklasa. Objekturen batek azalaren aurka talka egitean, minerala urtu egingo zen, eta, solidotzean, esfera horiek sortuko zituen. Esferen ikerketak talken kronologia eta dinamika hobeto ezagutzen lagun dezakeela uste dute.
Horrez gain, iradoki dute, egunen batean Ilargian base bat eraikiko balitz, eraikuntzarako material egokia izan daitekeela.Elhuyarrek garatutako teknologia