Frantziako eta Txinako irakurleekin egindako ikerketa batean, irakurtzean garuneko eremu berberak erabiltzen direla frogatu dute, bai hizkuntza batean bai bestean.
Frantsesak sistema alfabetikoa erabiltzen du, eta txinerak, berriz, logografikoa, hau da, karaktere bakoitzak hitz oso bat irudikatzen du. Bi hizkuntza-mota horiek nola irakurtzen diren alderatuz egin diren orain arteko ikerketek modu desberdinetan irakurtzen direla iradoki izan dute. Alabaina, oraingoan, erresonantzia magnetiko funtzionala erabilita, ikertzaileek garbi ikusi dute garunaren gune berberak erabiltzen direla hizkuntza batean zein bestean.
Azaldu dutenez, bai frantsesek bai txinatarrek ikusmenaren eta keinuen sistemak erabiltzen dituzte beren jatorrizko hizkuntzetan irakurtzean, baina hizkuntzaren arabera, indar handiagoa du batak edo besteak. Hain zuzen, keinu-sistemak indar handiagoa du txineraz frantsesez baino.
Horren harira, Uta Frith Londres Unibertsitateko neurozientzialariaren adierazpen batzuk jaso ditu Nature aldizkariak bere webgunean; Frithen esanean, ikerketak agerian utzi du begia eta eskua funtsezkoak direla irakurtzean. Horrek beste bide batzuk irekitzen dituela gaineratu du, “adibidez, lagungarria izan daiteke ulertzeko zergatik dislexia duten pertsona askok gaizki idazten duten eskuz, gaizki hitz egiteaz gain”. Haren ustez, haurrei irakurtzen irakastean, ez da aintzat hartzen sistema motorea, baina, ikerketa hori kontuan izanda, hura lantzea mesedegarria izango litzatekeela iruditzen zaio.
PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa.