Bularra emateko gogoa duten emakume guztiek ez dute lortzen, inondik inora, haien haurrari bularra arrakastaz ematea. OMEk gutxienez bi urtez ematea gomendatzen badu ere, bularra emateko asmoa dutenen % 10ak lehenengo hilabeterako uzten du, % 36ak seigarren hilabeterako, eta % 66ak hamabigarren hilabeterako. Early Human Development aldizkarian argitaratutako ikerketaren emaitzak dira, Osakidetzako eta EHUko ikertzaileek lortutakoak (Medikuntza eta Eritzaintza Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzaileek zuzenduta). Ikerketaren arabera, edoskitzearen hasiera amaren osasunak baldintzatu badezake ere, eragin handia dute faktore sozialek. Eta, hain zuzen, faktore sozialak dira edoskitze luzeak gehien eragozten dituzten faktoreak.
Esaterako, jendaurrean bularra ematen deseroso sentitzea da epe luzera edoskitzea baldintzatzen duen faktore esanguratsu bat da. Berdin, jaioberriei txupetea emateko zabaldua dagoen ohitura. Bestalde, atzerritarra izatea, haurrak amaren ohean lo egitea eta amak ikasketa-maila altua izatea dira edoskitze luzearen alde egiten duten faktoreak.
Hamaika aldagai
Bilbo inguruan bizi diren 400 emakume baino gehiagori egin die jarraipena ikerketak. Haurdunaldiaren 20. astean bularra emateko asmoa zuten emakumeak ziren denak. Horiei esker, faktore fisiologikoak, sozio-kulturalak zein osasungintzako langileen eskuhartzea aztertu dituzte. Izan ere, edoskitzea amaren eta haurraren arteko prozesu fisiologiko bat den arren, gizarteak, kulturak eta ospitaletako ohiturek eragin handia dute. Zehazki, kuantifikatu dute faktore hauetako bakoitzak zenbaterainoko eragina duen edoskitzean: amaren osasunarekin zerikusia duten faktoreak (obesitatea, anemia, tabakismoa, dieta, kirola); haurraren osasunarekin zerikusia dutenak; erditzearekin erlazionatutakoak (eragindako erditzea izan den, oxitozina edo anestesiarik erabili den, erditze eutozikoa -naturala- izan den); osasungintzako langileen eskuhartzearekin erlazionatutakoak (ospitalean jaioberriari formulako esne gehigarria eman dioten, jaio eta berehala ama eta haurra azala azalarekin egon diren, amak eta bikoteak haurdunaldiko ikastaroetan parte hartu duten); aldagai sozialak (amaren adina, etorkina den, jendaurrean bularra ematean deseroso sentitzen den, lan-egoera, ikasketa-maila, aurretik bularra ematen esperientziarik baduen, haurrak amaren ohean lo egiten duen eta lehenengo astean haurrari txupetea jarri dioten).
Edoskitzearen hasiera baldintzatzen dutenak
Ikerketaren arabera, amaren tabakismoak eta erditze osteko anemiak eragin zuzena dute bularra ematen hasteko garaian. Haurdunaldian erretzaile izatean, 3,6 aldiz murrizten da bularra emateko aukera, eta erditzeko osteko anemiaz, 4,6 aldiz. Ez dago argi zer mekanismo fisiologiko egon daitezkeen bi faktore horien oinarrian, baina litekeena da tabakismoaren kasuan, esaterako, haurrari kalte egiteko beldurraz gain, tabakoak berak hormona-mailan eragiten dituen aldaketak egotea esnea sortzeko zailtasunaren oinarrian. Anemiaren kasuan ere, baliteke burdin-eskasiak eragitea laktogenesiaren atzerapena. Nolanahi ere, edoskitzearen hasieran baino ez dute eragiten. Edoskitzea finkatutakoan, ez dute apenas eragozpenik sortzen.
Osasun-langileen eragina
Gainera, bi faktore horiek baino eragin handiagoa dute, edoskitzea abiatzeko unean, erditzeetako protokoloek eta osasun-langileen interbentzio batzuek: adibidez, ospitalean formulako esne gehigarria ematean, 7,4 aldiz murrizten da edoskitzea ondo abiatzeko aukera. Bestetik, anestesiarik gabe erditutako emakumeek 5,4 aldiz probabilitate handiagoa dute seigarren hilabetean bularra ematen jarraitzeko. Ikertzaileek argi dute anestesia jasotzeko aukera medikuntzaren lorpen bat dela (teknika segurua baita), eta bi faktore horien asoziazioak ez duela zertan kausa-efekturik adierazi, baina asoziazioaren berri izateak lagundu dezake edoskitze arrakastatsua izan dadin interbentzioak non egin behar diren argitzen.
Baldintzapen sozial eta kulturalak
Deigarria da, ordea, faktore kulturalek eta sozialek duten eragina. Esaterako, lehenengo astean jaioberriari txupetea emateko ohiturak 8,8 aldiz murrizten du edoskitzea ondo abiatzeko probabilitatea. Aitzitik, jaioberriak amaren ohean lo egitean, 4,4 aldiz handitzen da edoskitzea finkatzeko aukera. Eta emakume atzerritarrek bertakoek baino 9 aldiz aukera gehiago dute haurrei bularra emateko.
Faktore sozialek, fisiologikoek ez bezala, epe luzera ere eragin handia izaten dute: esaterako, jendaurrean bularra ematen deseroso sentitzen diren amek 1,8 aldiz aukera gutxiago dute edoskitze luzekoak egiteko.
Baldintzapen sozialak kontuan hartzen dituzten estrategiak
Ikertzaileek adierazi dute funtsezkoa dela gizarte guztietan amagandiko edoskitzea sustatzea. Ikerketaren arabera, erditzean, amen % 94k erabili zuten anestesia eta % 75k oxitozina; jaioberrien kasuan, % 51k jaso zuten formulako esne gehigarria ospitalean eta % 43k txupetea. Ikusita zer nolako asoziazioa dagoen, garrantzitsua da osasun-langileen esku-hartzea eta protokoloak berrikustea. "Ikerketaren emaitzak ezagututa, zailtasun gehiago izan ditzaketela aurreikusten dugun emakumeei laguntza berezia emateko aukera ematen du", dio Begoña Sanz Echevarria ikerketaren zuzendarietako batek.
Bestetik, baldintzapen sozialak murrizteko urratsak ematea interesgarria izan liteke. Izan ere, ikertzaileek gogorarazi dute arau kulturalak, askotan, modu inkontzientean heredatzen direla gizartean. Beraz, edoskitzearen inguruko aurreiritziak desmuntatzea izan daiteke abiapuntua. Esaterako, amak eroso senti daitezen urtebetetik gorako haurrei bularra ematen jendaurrean; haurrarekin lo egiteko ohitura berreskura dadin; eta jaioberriei ez diezaieten eman txupete zein formulako esne gehigarririk, premia larria ez dagoen kasuetan. Bestetik, gogorarazi dute zaila dela edoskitze luzeak bermatzea amatasun-bajak sei hilabetetik beherakoak diren bitartean.