Lehen aldiz, epe luzeko oroitzapenak sorraraztea lortu dute, garunean zuzenean eraginda. Esperimentua Kaliforniako Unibertsitateko Ikasketaren eta Memoriaren Neurobiologia Zentroan egin dute, arratoiak erabilita.
Hain zuzen, ikertzaileek tonu bat entzunarazi zieten arratoiei (3,66 kHz-ekoa), eta, aldi berean, nukleo basala kitzikatu zieten. Horren helburua oroitzapenak sortzearekin erlazionatutako molekula bat, azetilkolina, askatzea zen, oroitzapenak gordetzeaz arduratzen diren zelulen kopurua areagotzeko.
Hurrengo egunean, bezperan erabilitako prozedura eraginkorra zela frogatu zuten: arratoiei tonu desberdinak entzunarazi zizkieten, eta ikusi zuten arratoiei arnasa azkartzen zitzaiela 3,66 KHz-ko tonuarekin. Hau da, tonu hori ezagutu zuten, behin eta berriro entzutearen ondorioz sortzen diren oroitzapenekin gertatzen den bezalaxe.
Neuroscience aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, egileek adierazi dutenez, ikasketan eta memorian asaldurak dituztenentzat lagungarria izatea espero dute.
Beste ikertzaile batzuek, berriz, justu kontrakoa egin dute: oroitzapen jakinak ezabatzea lortu dute. Zehazki, drogekiko atxikimenduarekin lotutako oroitzapenak ezabatu dizkiete saguei eta arratoiei, Scripps Ikerketa Institutuan, Floridan.
Ikertzaileen arabera, mendekotasunekin lotutako oroitzapenek zaildu egiten dute tratamendua, oroitzapen horiek atxikimendua indartzen baitute. Adibidez, tabakoa utzi nahi duten pertsonei erretzeko gogoa pizten zaie tabakoa erretzen zuten lekuetara doazenean edo antzeko egoerak bizitzen dituztenean. Alde horretatik, beraz, tabakoa utzi nahi dutenentzat onuragarria litzateke oroitzapen horiek ezabatzea.
Scripps institutuko ikertzaileek ez dute tabakoarekin egin lana, metanfetaminarekin baizik. Azaldu dutenez, oroitzapenak sortzean gertatzen diren prozesuen artean, aldaketak gertatzen dira zelulen egituran, aktina proteinaren bidez. Inhibitzaile batekin, aktina polimerizatzea eta aldaketa horiek gertatzea saihestu dute. Eta frogatu dute horrela animaliek interesa galtzen dutela lehen metanfetaminarekin lotzen zituzten seinaleekiko. Esperimentua Biological psychiatry aldizkarian argitaratu dute.