Bakterioen laguntza petrolioa erauzteko

Bakterioen laguntza petrolioa erauzteko
2008/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Petrolioaren erauzketa oso zaila bilakatzen da hobian petrolio gutxi geratzen denean. Normalean, olioa oso likatsua eta trinkoa izaten da. Ahalik eta etekin handiena ateratzeko, ingeniariak saiatzen dira olio hori metano bihurtzen eta gas hori erauzten; baina hori egiteko teknikak garestiak eta poluitzaileak dira. Hala ere, teknika hobeak eta garbiagoak aplika litezke: Kanadako ikertzaile batzuek proposatu dute bakterioak erabiltzea olio likatsua metano bilakatzeko.

Bakterio horiek hidrokarburoak metabolizatzen dituzte, tartean petrolioaren konposatu likatsu horiek. Prozesu anaerobioa da, hau da, ez da oxigenoaren bitartez gertatzen, eta, beraz, erreakzio metabolikoen produktua ez da karbono dioxidoa, baizik eta metanoa. Ikertzaileek proposatu dute bakterioen jarduera metabolikoa handitzea, ongarriak erabilita. Horrek eskatzen du fosfatoak eta bitamina batzuk injektatzea hobietan, eta, ustez, bakterioek metanoa eratuko dute, modu naturalean baino azkarrago.

Laborategian egindako probek oso emaitza onak eman dituzte, baina petrolio-hobietan bertan probatzea falta da; 2009rako egitea espero dute.

1
238
2008
1
002
Energia
Berriak labur
4
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila