Saguetan giza hesteetako bakterioak sartuta, bakterioek metabolismoa eraldatu egiten dutela eta argaltzea edo gizentzea eragin dezaketela frogatu du Washington-eko Unibertsitateko ikerketa-talde batek. Science aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, bakterioek ez dute dena erabakitzen, hala ere; dietak ere zerikusi handia du. Zientzialariek argal egoten laguntzen duten bakterioak ere identifikatu dituzte.
Ondorio horietara iristeko, sagu-talde bati hainbat bikiren heste-flora transplantatu zieten. Biki-bikote bakoitzean, bietako bat lodia zen eta bestea argala. Transplantea egiteko saguen hesteetan bikien gorozki-laginak sartu zituzten. Lodien bakterioak jaso zituzten saguak gizendu egin ziren, eta argalen heste-flora jaso zuten saguek baino gantz gehiago pilatu zuten.
Bestelako saio bat ere egin zuten saguekin, bitxiagoa. Saguek ohitura koprofagoak dituzte, hau da, besteen gorotza jan ohi dute. Hori jakinda, zientzialariek elkarrekin jarri zituzten biki argal eta lodien heste-flora txertatuta zuten saguak. Fruta eta barazkietan oinarritutako dieta jarri zitzaien, eta ikusi ahal izan zuten sagu lodiek argalen joera hartu eta gantza pilatzeari utzi ziotela; argalak, berriz, ez ziren gizendu. Ikertzaileek sagu lodietan ezartzea lortu zuten 39 bakterio-espezie identifikatu zituzten.
Gorozkiak trasplantatzea ez da gizentasunari aurre egiteko biderik egokiena, agian, baina bakterio-osasuntsu horiek emateko beste bide batzuk ikertzea pentsatzen ari dira Washingtongo Unibertsitatean; adibidez, identifikatu diren bakterio horiekin aberastutako jogurtak ekoiztea.