Pennsylvaniako Unibertsitateko eta Arizonako Unibertsitateko mikrobiologoek aurkitu dute bakterio gehienek arbaso beretik eboluzionatu dutela, baina ez itsasoan, baizik eta lehorrean.
Aldea tenperaturan datza. Itsasoko bakterioen arbasoek iturri hidrotermaletan eboluzionatu zuten, hau da, tenperatura altuko guneetan, eta horrek hainbat ondorio ditu mikrobio horien genometan: esate baterako, informazio genetikoaren baseetan, lotura askoz sendoagoa da guaninaren eta zitosinaren artekoa adeninaren eta timinaren artekoa baino. Beraz, oso tenperatura altuetan bizi diren bakterioen genoman, oro har, ugariagoa da guanina-zitosina bikotea bestea baino.
Horri esker jakin ahal izaten dute mikrobiologoek bakterio bakoitzaren arbasoa itsasoan garatu ote zen --azken batean, tenperatura altuari aurre egiteko moduko genoma duen--. Eta emaitza argia da: aztertu dituzten 9.740 espezieetatik 6.157 ez ziren itsasoko iturri hidrotermaletan garatu.