Badugu txertoa. Eta orain, zer?

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

badugu-txertoa-eta-orain-zer
Arg. Artxibokoa
Batzuei errezeloa edo errefusa piztu arren, gehienei harridura, lilura eta itxaropena sortu die COVID-19aren txertoak. Miraria dirudi hain denbora gutxian (urtebete eskas) garatu izanak, ez txerto bat, bat baino gehiago baizik. Aurrekaririk gabeko lorpena izan da: ehun urte baino gehiago igaro ziren sukar tifoidea zerk eragiten zuen jakin zutenetik txertoa lortu eta baimendu arte; 90 meningitisaren kasuan; 50 baino gehiago poliomielitisarenean; dozena bat urte inguru elgorriarenean... Eta, zenbaitetan, ez da lortu: 1983an identifikatu zuten GIBa, hiesa eragiten duen birusa; geroztik, mundu osoko milaka laborategi saiatu dira hiesarekiko txertoa garatzen, baina ez dute arrakastarik izan.
 
Oraingoan, birusaren beraren ezaugarriek, teknologia farmazeutikoaren aurrerapenek, elkarlanak eta ahalegin ekonomiko globalak aukera eman dute txerto seguru eta eraginkor bat baino gehiago garatzeko 11 hilabetean. Ikuspegi zientifikotik, lorpen ikaragarria da, inolako zalantzarik gabe. Baina, agintariek eta komunikabideek lehen txertaketak nola iragarri dituzten ikusita hala dirudien arren, ez da mirarizkoa.
 
Hasteko, kudeaketa-arazoak daude. Lehenik Erresuma Batuan eta gero Europan eta AEBetan onartutako lehen txertoa Pfizer konpainiak ekoizten du, eta ez da gai eskaerari erantzuteko nahi bezain azkar. Hortaz, txertaketak eten eta atzeratu egin dira leku batzuetan; tartean, Euskal Herria. Banaketa ere zaila da, batez ere txertoa oso tenperatura baxuan gorde behar delako (- 70º C). Txertoa eman behar den lekura behar bezala iritsita ere, nahikoa baliabide egon behar dute bermatzeko dosiak behar den bezala jarriko direla, behar den garaian.
 
Eta hor ere sortu dira gorabeherak. Batetik, toki askotan, hasi AEBetatik eta Euskal Herrira arte, osasun-zerbitzuak ez dira behar adina indartu, eta ez dago nahikoa erizain, aurreikusitako epeetan txertatzeko jendea. Bestetik, zenbait lekutan, planak aldatu dituzte, esaterako Erresuma Batuan. Hain zuzen, han agertu den birusaren aldaera bat oso azkar zabaltzen dela ohartu dira, eta, balazta jarri nahian, txertatu beharreko bi dosien lehena ahalik eta jende gehienari ematea erabaki dute. Horrek bigarren dosia atzeratzea ekarriko du, eta inork ez daki horrek zer ondorio izango dituen txertoaren eraginkortasunean.
 
Hasieran agindu zuten bezain eraginkorrak izanda ere, eragin mugatua izango dute. Izan ere, txerto hauek gaitza prebenitzen dute; ez, ordea, birusa transmititzea. Alegia: txertatutako pertsonak, infektatuz gero, ez ditu sintoma larriak izango, baina ingurukoak kutsa ditzake. Horregatik eutsi behar zaie orain arteko prebentzio-neurriei: distantzia fisikoa, maskara, higienea, aireztatzea...
 
Neurri guztiak hartuta ere, ezingo da eragotzi izurriaren hirugarren olatua. Jaietako neurri bereziak zehazten ari ziren garaian (espazio berean elkartu zitekeen gehienezko kopurua, lurraldeen arteko mugikortasuna...) epidemiologoek jada iragarri zuten, zorrotz jokatuta ere, hirugarren olatua etorriko zela. Txertoa oraindik ez da nahikoa haren ondorioak apaltzeko, eta, berriro ere, motz geratu dira bestelako neurriak; tartean, testak egin, positiboen kontaktuak identifikatu eta haiek isolatzeko estrategia.
 
Badugu txertoa. Etorriko dira txerto hobeak; tratamenduak; testak. Baina alferrik eskatuko zaie zientzialariei egin dezaketena baino gehiago. Zientziak agian garaitu dezake birusa; sindemiaren kalteak gainditzea, ordea, ez dago zientzialarien esku.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila