Badu kafeinarik? Gameluak lagunduko dizu jakiten

Badu kafeinarik? Gameluak lagunduko dizu jakiten
2006/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Kafe beltzak, kafeinagabeak eta beste hainbat edarik zenbat kafeina duten neurtzeko, test erabilgarri eta erraz bat asmatu dute Washington Unibertsitateko kimikariek.

Molekula jakin batzuen likidoetako kontzentrazioa neurtzeko test errazak, normalean, paperezko zerrendak izaten dira. Zerrenda likidoan sartuta, kolorez aldatzen da, eta hartzen duen kolorea molekula-kontzentrazioaren araberakoa da. Horrelakoa da, esaterako, haurdunaldiaren testa.

Test erraz horiek detektatu nahi den molekulara lotzen zaizkien antigorputzak dituzte. Haurdunaldiaren proban, antigorputza gernuan dagoen hormona bati lotzen zaio. Hain justu, hormona hori haurdun egonez gero bakarrik azaltzen da gernuan.

Badaude kafeinari lotzen zaizkion antigorputzak ere. Baina eragozpen handi bat dute: beroak suntsitu egiten ditu. Ondorioz, ezin dira erabili edari beroen kafeina-kontzentrazioa neurtzeko.

Washington Unibertsitateko kimikariak, ordea, konturatu dira gameluen familiakoek kafeinari lotzen zaizkien antigorputzak dituztela odolean, eta beroarekiko erresistenteak direla. Alegia, kafe bero-berotan sartu arren, ez dira deuseztatzen. Hala, antigorputz horiekin probak egin dituzte hainbat edaritan eta tenperatura desberdinetan, eta oso emaitza onak lortu dituzte.

1
221
2006
6
014
Biokimika; Teknologia
Berriak labur
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila