Mont Saint Michel herri ikusgarria albiste bilakatu zaigu berriro. Bidai-agentziek ongi baino hobeto ezagutzen dute granitozko irlak eta horren gainean dagoen beneditarren abatetxeak turistengan sortzen duen xarma. Aitzitik, oso jende gutxik dauka irla mehatsupean duen arriskuaren berri. Dakigunez, itsasbehera eta itsasgoraren menpe dagoen errepidea da irlarako bide bakarra, baina Frantziako gobernuak zubi bat eraiki nahi du errepide zaharra ordezkatzeko. Sedimentazioa dela medio, errepidea eta inguruko aparkalekuak arazo bilakatu dira Mont Saint Michelen.
Saint Micheleko badian pilatzen den sedimentuak eta irla inguratzen duten hareazko hesiak bertako ekosistemaren iraupena baldintzatu egingo dutela uste dute. Irlaren eta lehorraren arteko errepideak eta aparkalekuek itsasoak utzitako materialen metaketa areagotu egiten dute. Biologoek baieztatu ahal izan dutenez, sedimentazioaren ondorioz itsasgora eta itsasbeheraren eragina moteldu dezakeen flora garatzen ari da irlaren inguruan. Horrez gain, badiara beren urak isuritzen dituzten ibaien bokaleak artifizialki aldarazi dituzte eta horrek sedimentazio-arriskua handiagotu egiten du.