Azukrearen ordezko gozagarriak ez erabiltzea gomendatu du Osasunaren Mundu Erakundeak

azukrearen-ordezko-gozagarriak-ez-erabiltzea-gomen
Arg. Petra / Pixabay

Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du pisua kontrolatzeko ez dela gomendagarria azukrearen ordezko gozagarriak erabiltzea, hala nola aspartamoa, sakarina edo estebia. Izan ere, orain arteko ebidentzien berrikuspen zabal bat eginda, ondorioztatu dute, batetik, ez direla eraginkorrak epe luzera gorputzeko gantza murrizteko; eta, bestetik, denbora luzez erabiltzen badira, ondorio kaltegarriak izan ditzaketeela. Adibidez, 2 motako diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitzen da.

“Azukre askeen kontsumoa murrizteko beste modu batzuk hartu behar lirateke kontuan, hala nola azukre naturalak dituzten elikagaiak kontsumitzea, adibidez, fruta edo azukrerik gabeko elikagaiak eta edariak”, adierazi du Francesco Branca OMEko Elikagaien Nutrizio eta Kaltegabetasuneko zuzendariak. “Gozagarriek ez dute nutrizio-baliorik. Dietan gozotasuna murriztu behar litzateke, adin txikietatik hasita, osasuna hobetzeko”.

Gozagarriak ez erabiltzeko gomendioa pertsona guztientzat da, aurretik diabetesa dutenentzat izan ezik. Eta gozagarri hauek hartu dituzte kontuan: K azesulfamoa, aspartamoa, advantamoa, ziklamatoak, neotamoa, sakarina, sukralosa, estebia eta horien eratorriak. Gidaliburu batean jaso dute informazio guztia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila