Ulm-eko unibertsitatean diabetearen teknologiaz arduratzen den erakundeak Deutsche Aerospace-ren laguntzaz odoleko azukre-maila etengabe neurtzen duen prototipoa lortu du. Neurgailu honek odolean normala baino azukre-maila handiagoa detektatzen badu, soinu bat ateratzen du.
Aparatuak hiru elementu ditu: zunda, sentsorea eta ebaluazio-sistema. Egunero pazienteak sabelean zunda sartzen du (hogeita lau ordutan eduki behar du bertan). Horrez gain pazienteak 800 gramo pisatzen dituen glukosa-sentsorea du zundari konektaturik. Minutuoro azukre-maila neurtu eta eskumuturreko erlojuan iragartzen da.
Erloju horri esker intsulinako terapian azukre-mailaren gora-behera handiak metodo klasikoekin baino askoz ere errazago saihesten dira. Sistema asmatu dutenak aparatua miniaturizatzen ari dira orain, erabiltzeko erosoagoa izan dadin.