Aztarna energetikoan eragiten duten faktoreak argitu dituzte, Errekaleorretik abiatuta

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

aztarna-energetikoan-eragiten-duten-faktoreak-argi
Errekaleor auzoko panel fotovoltaikoak. Arg. Txo/Wikipedia CC 4.0

Errekaleor auzoko biztanleko aztarna energetikoa EAEkoa baino % 24 txikiagoa dela kalkulatutu dute Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa-taldeek (EHU).  Hortik ondorioztatu dute bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murriztu dezakeela; batez ere, kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzuak ekoizteko erabilitako energiak duen garrantziagatik.

Ikertzaileek adierazi dutenez, herrialde baten energia-kontsumoa zenbatzerakoan, oro har, energia primarioaren hornidura osoa izeneko adierazlea erabiltzen da (Total Primary Energy Supply, TPES). Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) emandako datuetatik lortzen da balio hori, eta herrialde baten barruan (etxebizitzetan, garraioan, industrian eta zerbitzuetan) egiten den energia primarioaren guztizko kontsumoa kontuan hartzen du. 

Alabaina, ez ditu ezkutuko energia-fluxuak kontuan hartzen: beste herrialde batzuetatik, ondasun eta zerbitzu gisa inportatutako energia. Horrenbestez, badirudi herrialde batzuetako (oro har, Ipar Globaleko) energia kontsumoa berez dena baino txikiagoa dela. Kontrakoa gertatzen da Hegoalde Globaleko herrialdeekin: benetan kontsumitzen dutena baino energia gehiago kontsumitzen dutela dirudi. Iizan ere, kontsumo horren zati handi bat, berez, Iparralde Globaleko herrialdeetara bideratutako ezkutuko energia-fluxuak dira. 

Energia aztarna deritzon adierazleak (Total Primary Energy Footprint, TPEF), berriz, herrialde bakoitzari esleitutako energia primario osoa kontuan hartzeaz gain, ezkutuko energia-fluxuak ere hartzen ditu kontuan. Orain argitaratu duten ikerketan, lehen aldiz kalkulatu dituzte, Input-Output metodologia erabiliz, eskualde (Euskal Autonomia Erkidegoa, EAE) eta auzo (Errekaleor auzo askea, Gasteiz) mailako energia aztarnak. 

Emaitzek erakusten dute komunitate-bizitzak energia kontsumoa murriztu dezakeela. Lehenik eta behin, Errekaleorreko biztanleen etxebizitzetako energia kontsumoa (4,46 MWh·biz-1·urte-1), batazbestean, EAEko eta Espainiar Estatuko biztanleena baino %32 eta %15 handiagoa den arren, Errekaleorreko biztanleen aztarna energetikoa (31,10 MWh·biz-1·urte-1), batazbestean, EAEko eta Estatuko biztanleena baino %14 eta %24 txikiagoa da, hurrenez hurren. 

Estitxu Villamor Lomas ikerketaburuaren arabera, produktuetan eta zerbitzuetan txertatuta dagoen energia-kontsumoaren garrantziari zor zaio hori, Espainiar Estatuko aztarna energetiko totalaren %81 baita, EAEko aztarnaren %75,  eta Errekaleorreko aztarnaren %66. “Horrek erakusten du pertsona bakoitzaren kontsumo materialaren atzean daudela aztarna energetikoa baldintzatzen duten faktore nagusiak”, baieztatu du.

Bestalde, nabarmendu du Errekaleorreko instalazio fotovoltaikotik datorren argindarra auzoko aztarna energetiko osoaren %0,6 baino ez dela. “Horrez gain, ikusi dugu etxebizitzen arabera aldaketa handiak daudela TPEFan: etxe berean familietan edo bizikideetan bildutako pertsonek % 33,5eko aztarna txikiagoa dute (28.45 MWh·biz-1·urte-1) bakarrik bizi diren pertsonek baino (42.79 MWh·biz-1·urte-1). Azken hauek, batazbestean, EAEko biztanle batek baino aztarna handiagoa dute”, zehaztu du.

Villamorren esanean, ikerketa baliagarria da, batetik, aztarna ekologikoan eragiten duten faktoreen garrantziaz jabetzeko, eta, bestetik, aztarna txikitzeko politika eraginkorragoak diseinatzeko. Sustainable Production and Consumption aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.