Axolotearen osatzeko ahalmena memoria-kontua da

Axolotearen osatzeko ahalmena memoria-kontua da
2009/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: LoKiLeCh/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera)

Axolotea, Ambystoma mexicanum, Mexikoko arrabio endemiko bat da, biologoentzat oso interesgarria eboluzioaren eta osatze-ahalmenaren ikuspuntutik. Hain juxtu, osatzeko gaitasun harrigarri horri buruzko lan bat argitaratu berri du ikertzaile-talde batek Nature aldizkarian.

Martin Kragl ikertzaileak eta haren taldekideek proteina fluoreszenteak erabili dituzte ikusteko nola sortzen diren zelula-mota desberdinak itxuraz berdinak diren zelulen multzo batetik. Izan ere, axoloteek gorputz-atal bat galtzen dutenean, berriro sortzen zaie, orduan sortzen den blastema izeneko zelula-multzo batetik abiatuta.

Blastemaren zelulak helduak dira, baina zelula-mota bat baino gehiago bilakatzeko gaitasuna dute: hezur-zelulak, kartilagokoak, azalekoak... Proteina fluoreszenteei esker, prozesu hori nola gauzatzen den aztertu dute. Horrela frogatu dute gorputz-atal bat erauzitakoan geratzen den zelula-mota bakoitzetik zelula-mota berberak sortzen direla, nahiz eta hori baino lehen blastema-fasetik igarotzen diren. Nolabait esateko, zelulek zer motatakoak diren gogoratzen dute.

Orain, ikertzaileek jakin nahi dute zein diren blastemaren zelulak gidatzen dituzten seinale zelularrak, informazio hori oso baliagarria izango baita giza zelula amen ikerketan, haien ustez.

1
256
2009
9
008
Zoologia; Anatomia/Fisiologia
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila