Rice Unibertsitateko zientzialariek molekula bakarreko autoa egin dute. Auto arruntek bezalaxe, xasisa, ardatzak eta lau gurpil ditu. Eta, egiazko autoen modura, gurpilak biratzean, aurrera egiten du, ardatzekiko norabide perpendikularrean.
Nanoautoa 3-4 nanometro luze da gutxi gorabehera; hau da, ile baten diametroa baino hogei aldiz txikiagoa. Xasisa eta ardatzak ondo zehaztutako talde organikoz eginda daude; horiei esker, esekidura birakaria du eta ardatzek askatasunez biratzen dute. Gurpilak, berriz, fulerenoak dira, eta karbonozko 60 atomoz osatuta daude.
Ikertzaileek zortzi urte behar izan dituzte ibilgailua egiteko. Bereziki zaila izan omen da gurpilak xasisari eta ardatzei lotzea. Hala ere, benetan funtzionatzen duela frogatzea izan da zailena. Horretarako, nanoautoa urrezko geruza batean ibilarazi dute, eta, tunel efektuzko mikroskopioaren bidez, nola mugitzen den ikusi eta grabatu ahal izan dute.