Zenbatetan entzun dugu hiriko zirkulazioak alergia sorrarazten diola norbaiti? Horrelakoetan, baten bati zirkulazioa gogaikarria iruditzen zaiola adierazi nahi du alergia hitzak. Ikertzaileen arabera, ordea, egia da autoen keak alergia areagotzen duela; beraz, hitzez hitzeko irakurketa ere zuzena da.
Ikertzaileek bazekiten erlazio zuzena zegoela hiriko poluzioaren eta alergiaren artean. Orain, Alemaniako Munich hirian egindako ikerketa bati esker jakin dute nola eragiten dion batak besteari. Dirudienez, airean dauden proteina-molekulak kaltegarriagoak bihurtzen dituzte autoek isurtzen dituzten gasek.
Airean dauden partikulen % 5 inguru proteinak dira, eta horietako batzuk alergenikoak dira; hau da, alergia eragin dezakete. Alabaina, proteina horiek are alergenikoagoak bihurtzen dira autoen gasekin erreakzionatuz gero, eta alergenikoak ez diren batzuk ere kaltegarriak bihurtzen dira erreakzionatu ondoren.
Nonbait, autoek jaurtitzen duten nitrogeno dioxido eta ozono-nahastea da erruduna. Airean dauden proteina-molekulekin erreakzionatzen du nahasteak, eta nitrato-taldea proteinari lotzen zaio. Ondorioz, proteinak sorrarazten duen erreakzio alergikoa lehen baino bortitzagoa da.
Oraindik ez dakite oso garbi zergatik areagotzen den erantzun alergikoa nitratoaren eraginez, baina badirudi proteinen tirosina aminoazidora lotzen dela nitratoa, eta juxtu gune horren aurka sortzen dituela antigorputzak sistema immuneak. Nolanahi ere, ez da hori proteinen ahalmen alergenikoari buruzko azalpen bakarra, beste faktore batzuk ere hartu behar baitira kontuan, adibidez, proteina horien itxura edo forma.