Urtetan saiatu ondoren, untxi emeak antzutzen dituen birusa sintetizatzea lortu dute Camberrako PAC CRC erakundeko ikertzaileek. Birusak ez du untxia hiltzen, baina obuluaren kanpo-geruzan mutazio bat sortzen du, untxiaren sistema immunologikoaren erantzuna sortu eta obulua kaltetzeko nahikoa.
Laborategietan egindako saiakeretan ikusi dute birusak 11 untxitik 8 antzutzeko gaitasuna duela, eta antzutzen ez dituenek ugalkortasuna galtzen dutela. Ikertzaileek uste dute birusa naturan zabalduz gero, untxien populazioa Europako mailara jaistea lortuko dutela. Dagoeneko eskatu dute landa-azterketak egiteko baimena eta izurri diren beste espezieen kontrako antzeko birusen bila dabiltza.
Birusa duela 50 urte Australiako untxi-populazioan sarraskia eragin zuen bera da, baina mutatuta. Ikertzaileen ustez, birus hura espezietik espeziera transmititu ez bada, mutatutakoa ere ez da transmitituko eta, beraz, ez dago beldurtzeko arrazoirik. Australiatik kanpora zabaltzen ez bada, behintzat.