NASAren Hubble teleskopioak Uranoko auroren irudiak hartu ditu. 2011ko azaroan detektatu zituzten puntu zuri gisa ikusten diren bi aurora, eta berriki eman dute haien berri. Uranoren Ipar polo magnetikoan izan ziren, eta minutu batzuk baino ez zuten iraun. Lehenago, 1986an, Voyager zundak ere hartu zituen Uranon auroren irudiak; baina, geroztik, ezin izan da halakorik behatu. Lurrean bezala, eguzki-haizearen eta planetaren eremu magnetikoaren arteko interakzioaren ondorioz sortzen dira aurorak. Uranoren eremu magnetiko bitxia hobeto ezagutzeko balioko dute aurora horiek. Izan ere, Uranoren eremu magnetikoa asimetrikoa da, askoz indartsuagoa da Ipar polo magnetikoan Hegoan baino, eta eremuaren ardatza errotazio-ardatzetik 60º-ra dago (irudian planetaren inguruan marraztuta dagoen eraztunak adierazten du errotazioa).