Nola kendu bakterio bati antibiotiko batekiko erresistentzia, botikak lehen bezala eragin diezaion? Horixe lortu nahi zuten ikertzaileek, eta azkenean arrakasta izan dutela dirudi. Izan ere, bakterioari erresistentzia ematen dion DNA-zatia erauzten duen molekula bat identifikatu dute ikertzaileek.
Bakterioek hainbat bide erabiltzen dituzte erresistente bihurtzeko. Batzuetan, botikaren jomuga den tokia mutatzen dute. Beste batzuetan, gene bat sortzen dute bakterioek; hain justu, botika neutralizatzen duen entzimaren genea. Era batera zein bestera, bakterioek erresistentzia garatzen dute, eta, hala, botikak ez die kalterik egiten.
Erresistentzia hori, gainera, transmititu egiten da, normalean plasmidoen bidez. Plasmidoak DNA-zati kiribil txikiak dira, organismoaren genomatik aparte funtzionatzen dute, eta erraz hedatzen dira zelula batetik bestera.
Antibiotiko bakoitzak bide bat du bakterioei aurka egiteko, baina bide horiek hiru multzo nagusitan banatzen dira. Horregatik, erresistentzia ematen duen gene bat edo gehiago dituen plasmido batek erraz du botika gehienak neutralizatzeko ahalmena.
Orain, ordea, bakterio erresistenteen DNAtik plasmidoak kentzeko modua aurkitu dute AEBetako Illinoisko Unibertsitatean. Horretarako, apramizina izeneko molekula erabili dute. Molekula horrek RNAren zati txiki baten antza du. Informazio genetikoa daramaten RNA-kateetara lotzen da, eta hala lortzen du plasmidoa ez bikoiztea. Bakterioak arrotz moduan hartzen du plasmidoa, eta, ondorioz, kanporatu egiten du.
Ikertzaileek anpizilina antibiotikoarekiko erresistentea zen Escherichia coli bakterioan probatu dute apramizina molekula, eta frogatu dute molekularen eraginez bakterioak galdu egiten duela erresistentzia ematen dion plasmidoa. Beraz, anpizilina antibiotikoak bakterioa deuseztatzea lortzen du, hasieran bezala.
Apramizina nahiko molekula toxikoa da, eta, beraz, ezin da proba klinikoetan erabili. Hala ere, orain badakitenez zer mekanismo duen, ikertzaileek espero dute eragin bera duten beste molekula batzuk erabili ahal izango dituztela.