Atxurrako grabatuak eszenografia eta ikusleak kontuan hartuta egin zituzten

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

atxurrako-grabatuak-eszenografia-eta-ikusleak-kont
Atxurra kobazuloko grabatuak aztertzeko, funtsezkoa izan da testuinguru arkeologiko osoa aintzat hartzea. Arg. Diego Garate Maidagan

Atxurra kobazuloko (Berriatua, Bizkaia) grabatuak egiteko planifikazioa oso konplexua izan zela frogatu du Diego Garate Maidagan Kantabriako Unibertsitateko IIIPC institutuko ikertzaileak gidatutako taldeak. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute lana, irekian, izenburu honekin: Atxurra haitzuloaren sakonean Madeleineko artisten trebetasunak eta motibazioak agerraraziz.

Hain justu, Garatek berak aurkitu zituen grabatuak 2015ean, ikerketan parte hartu duen beste arkeologoetako batekin batera, Iñaki Intxaurbe Alberdi. Kobazuloak, sarreratik 300 metrora eta 4 metroko garaieran, erlaitz bat dauka, eta han ageri dira duela 14000 urte grabatutako animalien irudiak: bisonteak, ahuntzak, zaldiak, oreinak… Haien ondoan, grabatuak egiteko erabili zituzten harrizko tresnak eta suteen ikatzak aurkitu zituzten.

Garatek nabarmendu duenez, orain argitaratutako ikerketan lortu dute aztarna guztiak batera aztertzea, eta haien arteko elkarrekintzak analizatzea. “Elkarrekintzaren bidez, ulertu dugu nolakoa izan zen artearen ekintza. Artea ez da bakarrik irudi bat egitea; ekintza konplexua da: kobazulo batera sartu behar zara, tresna berezi batzuk behar dituzu, argiztatu egin behar duzu, ikuslearen kokapena irudikatu behar duzu… eta horrek guztiak eszenografia bat sortzen du. Antzoki bat izango balitz bezala”. 

Horrek planifikazio konplexua eskatzen du, eta horren adierazgarri dira, adibidez, suteak: “Ez ziren jarri grabatuak egiteko, baizik eta irudiak ikusteko, beste leku batetik. Izatez, animaliak ikusteko leku aproposena behetik da. Hortaz, batzuek artea egin zuten, eta, gero, pertsona horiek edo beste batzuk joan ziren artelan hori ikustera. Horrek esan nahi du artea ez zela ume-jolas bat, baizik eta gizartean garrantzi handia zuen ekintza zela”, berretsi du Garatek. 

Diziplinartekotasunaren emaitza

Grabatuak egiteko prozesua konplexua zela argi utzi duen ikerketa hori egitea ere ez da batere erraza izan. Hala aitortu du Garatek: “Talde oso handia aritu gara elkarlanean, diziplina askotako espezialistez osatua, bakoitzak ildo jakin bat landuz. Adibidez, grabatuak aztertzeko, Olivia Rivero Vilá eta Salamancako Unibertsitateko bere taldea aritu dira lanean; harri-tresnak Joseba Ríos Garaizar Arkeologia Museoko zuzendariak aztertu ditu; Maria Angeles Medina Alcaide Bordeleko Unibertsitatean dago eta ikatzak aztertzeaz arduratu da; ikusleekiko elkarrekintza, edo grabatuak nondik eta nola ikusten ziren jakiteko, kobazulo esperimental batean berregin ditugu suteak, haien argitasuna neurtu dugu… eta hori Iñaki Intxaurbek zuzendu du; eta jakin behar genuen suteen mikromorfologia, eta horretan Martin Arriolabengoa Zubizarreta, EHUkoa, aritu da lanean…”. 

Horiek izan dira, beraz, ikerketa-ildo nagusiak, eta horietako bakoitzean ikertzaile asko aritu direla esan du Garatek: “Horrenbestez, koordinatzea eta aurrera ateratzea lan handia izan da, baina izugarri aberasgarria. Gaur egun, arkeologia ez da pertsona baten lana, baizik eta talde-lana”.

Horrela lortu dute identifikatzea zer tresna erabili zuten grabatuen arrasto-mota bakoitza egiteko; jakitea ipurua eta haritza erabili zutela suteak egiteko; eta nolakoa zen diseinu espaziala, besteak beste.

Hala ere, ekarpen horrekin ez da agortu Atxurrak eman dezakeena. “Altxor bat da, eta oraindik asko emango du. gainera, kobazulo esperimentala dugunez, dena berregin dezakegu, eta informazio pila bat ateratzen dugu. Zortzi urte igaro dira grabatuak aurkitu genuenetik, eta oraindik badago lana”, baieztatu du Garatek.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila