Atmosferako bromuro-kantitatea jaitsi eta jaitsi

Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu denaren arabera, atmosferan geroz eta bromuro gutxiago dago, ozonoaren mesedetan. 1995 eta 2002 artean egindako ikerketa baten arabera, kantitate handiena 1998an egon zen, eta lau urteren buruan % 5 gutxitu zen.

Hala ere, zientzialariek oraindik ez dakite giza kontsumoa gutxitzearen eraginez den ala naturalki gertatu den. Izan ere, ozeanoak eta hezeguneak bromuro-iturri naturalak dira. Baina gizakiak ere igortzen du bromuroa atmosferara, nekazaritzan metil bromuroa erabiltzen delako, gehienbat. Horregatik, 80ko hamarkadaren bukaeran Montreal-go Protokoloa sinatu zuten hainbat herrik; protokoloak nekazaritzan erabiltzen den metil bromuroa erregulatzen zuen. Neurri horiekin bromuro-kantitatea murriztea espero zuten arren, jaitsiera uste baino askoz handiagoa izan da.

Atmosferako bromuro-kantitatea zenbatekoa den jakitea garrantzitsua da, ozonoa suntsitzen duelako; eta kloruroa baino urriagoa den arren, 50 aldiz eraginkorragoa da ozonoaren suntsipen-prozesuan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila