Atlantan ez, Sidneyn bai

Atlantako Joku Olinpikoetan ezin izango dituzte atletak erythropoietin debekatutako substantzia hartzeagatik zigortu. Zigortzeko, odolean substantzia debekatua atzeman egin behar da eta ikertzaile-taldeak lanean ari badira ere, oraindik hormona hori detektatuko duen test fidagarririk ez dute prestatu.

Atlantan ez zaie EPO substantzia atzemateko doping-testik egingo atletei. Oraindik ez dute asmatu proteina horren bertsio sintetikoa detektatzeko bide egokirik baina, Sidneyko Joku Olinpikoetarako testa gertu egongo dela iragarri dute ikertzaileek.

EPO deituriko hormona hori giltzurrunek jariatzen dute eta bere funtzioa globulu gorriak sortzea da. Atletek egun, globulu gorriak ugaltzeko bi bide erabiltzen dituzte: hormona injektatuz (era artifiziala) edo altitudean entrenatuz (era naturala). Ugalketa horri esker, iraupen luzeko kirol-probetan oxigenazio hobea lortzen dute atletek eta ondorioz errendimendu hobea ateratzen dute.

EPO substantzia atzemateko ikerketak egiten ari zirela, proteinaren bertsio sintetikoa injektatu zuten atleten odolean berezitasun bat aurkitu zuten: beraiengan, hormona artifizialki hartu ez zutenengan baino, proteina-mota bat gehiago ugaltzen zen. Beraz, zientzilarien ustez, doping-testa garatzeko kakoa, substantzia horren kontzentrazio-maila begiratzean datza.

Hala ere, oraingoz bederen, testak EPO substantzia hartzen ari direnean egin behar zaizkie atletei, hartzea utzitakoan arrastoak desagertu egiten baitira. Dena den, Sidneyko Jokuetarako doping-testa gertu egongo dela iragarri dute ikertzaileek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila