Ate logiko magnetikoak ordenagailuen mesede

Ate logiko magnetikoak ordenagailuen mesede
2006/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Ordenagailuek beren kalkuluak egiteko erabiltzen dituzten txipak, gaur egun transistoreen bidez eginak daudenak, gailu magnetikoak izateko bidean dira. Baldin eta ikertzaileek lortuko balute txip berri horiek eraginkorrak izatea, gaur egungo txipak baino azkarragoak eta txikiagoak izango lirateke, eta, gainera, ez lukete berorik igorriko.

Ordenagailuek ate logiko izeneko txip batzuen bidez egiten dituzte beren barne-kalkulu guztiak. Ate logiko horiek oinarrizko funtzio logikoak burutzen dituzte, hala nola AND eta OR gisakoak --eta, edo--. Gaur egungo ate logikoak transistoreekin eginda daudenez, asko berotzen dira, eta, horrek, noski, arazoak dakartza, batez ere, transistore asko ezin direlako elkarrekin pilatu, beroak matxurak ekarriko lituzkeelako. Ate logiko magnetikoek, ordea, ez dute berorik igortzen, eta, beraz, arazo nagusia ekidin daiteke.

Berrikuntza indarrean jartzen bada, txartel magnetikoek horrelako txipak eraman ahalko dituzte. Txartel horiek gai izango dira ez bakarrik kode bat eramateko, bai eta beren kabuz kalkuluak egiteko ere. Horrek zailagoa egingo du txartelak kopiatzea, eta, ondorioz, seguruagoak izango dira.

Baina abantaila ez da doakoa. Ate logiko magnetikoek arazo bat dute; alegia, elementu magnetiko asko elkarren segidan lotu behar dira, eta lortu behar da elementu horien eremu magnetikoek modu egokian elkarri eragitea. Izan ere, gertuegi badaude, elkarri eragitean datuak deuseztatzen dira.

Bada, bide horretatik ere badatoz aurrerakuntzak; arazo hori ez duen egoera bat aurkitu dute Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan: desplazatutako bortize deitu dioten egoera mikroskopikoa.

(Argazkia: Artxibokoa)

Laster, azkarrago piztuko da ordenagailua

Desplazatutako bortizeak datuak jasotzen diren gune magnetikoetako zurrunbilo mikroskopikoak dira, milimetroaren milaren batzuetakoak. Bortizeak, oro har, ez dira dagokien gunetik irteten, eta ez diete elkarri eragiten; ondorioz, ez da daturik galtzen. Horri esker, kapazitate handiagoko disko gogorrak egin daitezke.

Desplazatutako bortizeek, horiez gain, beste ezaugarri batzuk ere badituzte, eta MRAM memorien biltegiratze-ahalmena handiagoa egingo omen dute. Gaur egun, ordenagailuaren botoiari ematen diogunetik pizten den arte tarte handi samarra pasatzen da. Sistema operatiboa eta programa batzuk kargatu egiten dira tarte horretan; izan ere, ordenagailua itzaltzean RAM memoriatik ezabatu egiten dira. Sistema azkarrago pizteko modu bat bada, MRAM memoria, baina biltegiratze-ahalmen txikia du, eta, ondorioz, ez da erabilgarria oraingoz.

1
221
2006
6
021
Fisika; Hardwarea; Teknologia
Berriak labur
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila