Atapuercako sedimentuetatik neandertalen DNA eskuratu dute, fosilen beharrik gabe

Science aldizkariak Atapuercako ikerketa esanguratsu baten berri eman du: Estatuen Galerian neandertalen DNA eskuratzea lortu dute, fosilen batere beharrik gabe. Aztarnategiko lur-sedimentuak hartuta, hor azaltzen diren giza DNAren arrastoak sekuentziatu dituzte. Ikerketzaileen arabera, jada ez da behar fosilik antzinako giza espezieak identifikatzeko. Paleontologiarako erreminta oso ahaltsua izango dela aurreikusten du Asier Gómez Olivencia ikertzaileak, nahikoa fosil ez aurkitzeak baldintzatu baitu orain arte neandertalen eta beste giza espezieen historia filogenetikoa osatu ahal izatea.
atapuercako-sedimentuetatik-neandertalen-dna-eskur
Atapuercan, lau neandertalen DNA sekuentziatu dute, lur-sedimentuak aztertuta. Arg. Javier Trueba. Madrid Scientific Films

Estatuen Galeria ez  da oso ezaguna, baina kobazulo berezia da. Milioi bat urtez han sortutako estalagmita erraldoiei esker hartu zuen izena. Neandertalek erabili zuten kobazulo hori. Garai hartan, galeriak sarrera zuzena zuen kanpotik, baina, gero, sarrera estaltzen joan zen eta kobazuloa guztiz isolatuta geratu zen. Homo sapiens Atapuercara iritsi zenerako, ezin zen kobazuloan sartu. Orduz geroztik, guztiz isolatuta egon da aztarnategia, tenperatura eta hezetasuna egonkor, eguratsetik babestuta.

Tantaz tanta eta milaka urtez sortu diren estalakmita erraldoiek eman diote izena Estatuen Galeriari. Arg. Javier Trueba. Madrid Scientific Films

Orain, aztarnategiko sedimentuak bakarrik aztertuta, neandertalen DNA eskuratu dute ikertzaileek, hezurren beharrik gabe. Gorotzen, pixaren eta beste gorputz-fluidoen bidez kanporatutako DNA izan daitekeela uste dute. Hala, hainbat neandertalen DNA aurkitu dute. Zaharrena, duela 110.000 urte bizi izan zen gizonezko batena da. DNA hori Europako beste neandertalen datuekin alderatuta, Juan Luis Arsuagaren taldeak argitu du duela 135.000 urte neandertalen lerro nagusitik adarkatutako neandertalen leinu batekoa izan daitekeela. Datazioengatik, uste dute azken bi glaziazioen arteko aro epelaren hasieran emango zela adarkatze hori, klima aldatzen ari zenean.

DNA arrasto berriagoak ere aurkitu dituzte, ordea: duela 80.000 eta 105.000 inguruko lau emakumezkorena. Horiek neandertal klasikoen leinukoak zirela uste dute; alegia, duela 105.000 urte adarkatutako beste neandertal leinu batekoa. Hain zuzen, berriz klima aldatu eta azken glaziazioaren hasieran adarkatu ziren neandertal klasikoen taldekoak.

Gizakion historia filogenetikoa osatzeko erreminta

Arsuagaren taldeko Asier Gómez Olivencia ikertzaileak historikotzat jo du ikerketa berria. Ez bakarrik metodologikoki aukera ematen duelako batere fosilik gabe giza DNA eskuratu eta sekuentziatzeko, baizik eta neandertalen historia filogenetikoa osatzeko aukera ematen duelako. “Datuak eskuan, argitu dugu bazeudela bi momentu non neandertalen leinuak dibertsifikatu ziren. Duela 135.000 urte egon zen dibertsifikazio bat. Gerora, dibertsifikazio horretatik gehienak desagertu egin ziren, eta hortik lerro bat mantendu zen. Eta lerro horretatik, orain dela 105.000 urte, beste dibertsifikazio bat gertatu zen. Atapuercan aurkitu ditugu lehenengo dibertsifikazioaren indibiduo bat eta bigarren dibertsifikazioaren beste lau indibiduo”, dio Gómezek. Eta, zirraraz, gaineratu du: “Giza fosilak normalean oso urriak izaten dira. Aztarnategi batean aurkitzen dituzu bi hortz, beste aztarnategi batean hezur txiki bat… Baina ez da nahikoa izaten horrelako istorioak osatzeko. Sedimentuetatik DNA eskuratzeak aukera eman digu puzzle horren pieza gehiago eskuratu eta Europa mailako panoramika bat eraikitzeko”.

Asier Gomez Olivencia ikertzailea, gorriz, ikerketa-lanak gidatzen. Arg. Javier Trueba. Madrid Scientific Films

Garai hartan, Afrikarekin alderatuta, Europa oso lur arrotza zen gizakiak bizitzeko. Une glaziarretan, eremu asko izozpean egongo ziren, eta bizitzeko modukoa zena, hegoaldean, oso menditsua zen. Iberiar penintsulan kostaldean izango zituzten leku epel bakarrenetakoak. “Duela 125.000 urte izandako une interglaziarrean, ordea, gaur egungo klimaren antzekoa izango zuten Europan: epela eta izotzik gabe. Hala, aukera gehiago zuten taldeak barreiatuago egoteko eta mikroeboluzio lokalak gertatzeko, leinu desberdinak sortuta. Dibertsifikazioak  zentzua du testuinguru horretan, korrelazioa ikusten da ikuspuntu ekologiko batetik”, dio Gómezek.

Giza eboluzioko burmuinik handiena

“Gainera, bat egiten du Arsuagak aipatzen duen beste kontu oso interesgarri batekin: neandertalak duela 200.000 urte agertu ziren, baina burmuin handiena duten neandertalak azken interglaziarra eta geroko neandertalak dira bakarrik, neandertal klasikoak. Guk baino burmuin handiagoa zuten, giza eboluzioan izan den burmuinik handiena. Eta azken interglaziarra eta gero badago beste gauza bat azaltzen dena, bai sapiensetan bai neandertaletan: hilobiratzeak hasten dira, benetako hilobiratze indibidualak. Ez dakigu zer gertatu zen zehatz mehatz, baina zerikusia izan zezakeen burmuina handitzeak. Lan berri honetan argitu dugu interglaziar horren inguruan badagoela neandertalen dibertsifikazio bat, eta gero bigarren dibertsifikazio bat ematen dela. Izan dezake zerikusirik neandertalen burmuina handitzearekin?”. Puzzlearen piezak lotu eta hipotesi horiek testatu beharko direla uste du Gómezek.

Juan Luis Arsuaga, Estatuen Galeriako laginketetan. Arg. Javier Trueba. Madrid Scientific Films

Aurrerantzean neandertalen historia filogenetikoa fintzen joateko, gakoa izan daiteke fosilen beharrik gabe eta sedimentu hutsetik, giza DNA lortzeko metodologia. Juan Luis Arsuagaren taldeak Antropologia Ebolutiboko Max Planck Institutuko ikertzaileekin egindako elkarlanaren ondorioa da metodologia hau. Matthias Meyer alemaniarraren taldeak aurreko lan batean frogatu zuen antzinako gizakien DNA arrastoak zuzenean kobazuloetako sedimentuetatik eskura daitezkeela. Orduan, sedimentuetatik DNA mitokondriala eskuratzea lortu zuten (amaren lerroko informazioa ematen duena). Sima de los Huesos-en (Atapuerca), berriz, DNA nuklearra eskuratzea ere lortu dute; alegia, sekuentzia askoz ere luzeagoa duena, eta amaren zein aitaren bidez transmititzen den informazio genetiko osoa ematen duena. Gizaki haien sexua argitu ahal izan da horrela.

Teknika horrekin ezin da edozein aztarnategiko laginik lortu, ordea. Tenperatura altuan DNA degradatu egiten da, eta, beraz, oso iparraldeko aztarnategietan bakarrik lortu izan da antzinako DNA sedimentuetatik eskuratzea (Siberian). Atapuercako Estatuen Galeria, ordea, guztiz isolatuta egon da neandertalen garaitik orain arte; 50.000 urtez, egonkor mantendu dira hango tenperatura eta hezetasuna. Ikertzaileek kontu handiz induskatu behar izan dute kobazuloa, sarrera zuzenik sortu gabe, nahiz eta haraino iristeak asko zaildu dien eguneroko lana, sarreratik leudekeen 18-20 metroak egin beharrean, 400-500 m zeharkatuta haitzuloan barrena.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila