Europako iparraldeko neandertal kanibalak, gertutik

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Europako iparraldeko neandertalen hezur-bilduma handiena aztertuta, nazioarteko talde batek frogatu du kanibalak zirela eta beren kideen hezurrak tresna gisa erabiltzen zituztela. Horrez gain, haien artean dibertsitate kultural handia zegoela ere baieztatu dute. Asier Gomez Olivencia ikertzailearentzat, ezaugarri horrexek gerturatzen ditu gugana. Alegia, neandertalak zenbat eta gertuagotik ezagutu, orduan eta gure antzekoagoak direla berretsi dute.

europako-iparraldeko-neandertal-kanibalak-gertutik
Goyeteko Hirugarren haitzuloko neandertalen hezur-zatiak. Asteriskoa dutenak zuzenean datatu dituzte (40.500-45.500 urte). Arg. Belgikako Natura Zientzien Errege Institutua.

Orain arte, neandertalak ezagutzeko arrasto gehienak Europako hego-mendebaldeko aztarnategiek eman dituzte. Arrasto horiei esker jakin da, adibidez, hildakoekiko zituzten jokabideak ez zirela berdinak leku eta garai guztietan. Esate baterako, Chapelle-aux-Saintsen (Frantzian) eta Sima de las Palomasen (Espainian), hildakoak lurperatu egin zituzten; aldiz, Les Pradellesen (Frantzia) eta El Sidrónen (Espainia), hildakoak zatitu eta haien hezurrak txikitu zituzten, jateko. Beste leku batzuetan ere kanibalismoaren arrasto garbiak topatu dituzte, baina, denak, Europako hego-mendebaldean.

Hélène Rougier antropologoak zuzendu du Goyeteko Hirugarren haitzuloko neandertalak kanibalak zirela agerian utzi duen ikerketa. Arg. Asier Gómez Olivencia

Europako iparraldean aztarnategi gutxiago daudenez, ikertzaileek ez zekiten hango neandertalen artean ere halako desberdintasunak egongo ote ziren. Feldhoferreko (Alemania) eta Spyko (Belgika) aztarnategietan, hildakoak lurperatu egin zituztela iradokitzen duten zantzuak aurkitu dituzte. Horretaz aparte, ez zekiten askoz ere gehiago. Orain, baina, Belgikako aztarnategi batean bizi izan ziren neandertalak kanibalak zirela frogatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek.

Hain zuzen ere, Goyeteko Hirugarren haitzuloko fosilak aztertu ditu Kaliforniako Unibertsitateko Hélène Rougier ikertzaileak gidatutako taldeak. Europako iparraldeko neandertalen aztarnategi aberatsena da, 99 fosil identifikatu baitituzte, eta han topatu dituzte iparraldeko neandertalen kanibalismoaren lehen aztarnak. Ikerketaren emaitzak eta ondorioak Scientific Reports aldizkarian argitaratu dituzte.

Puzzlea osatzen

Asier Gómez Olivencia paleoantropologoa da artikuluaren sinatzaileetako bat. Berak lanaren zati txiki bat baino ez duela egin aitortu du, baina oso pozik dago parte hartzeko aukera izan duelako. Izan ere, ikerketa garrantzitsutzat jo du, oso lagungarria izan baita “aspaldi egindako indusketetako fosiletatik datu berriak lortzeko eta neandertalen argazkia osatzeko”.

Asier Gómez Olivencia ikertzailea hominidoen saihetsetan eta ornoetan espezializatuta dago, eta ikerketan parte hartu du, Rougierren zuzendaritzapean. Arg. Hélène Rougier.

Azaldu duenez, iparraldeko lurraldeak zenbait garaitan despopulatu egin ziren, hotzaren ondorioz. “Hortaz, hegoaldean ez bezala, populazioan etenak egon dira, eta aztarnategiak eta fosilak askoz ere urriagoak dira”. Horregatik, Goyeteko Hirugarren haitzuloko aztarnategiak aparteko garrantzia du, eta ez fosil-kopuruarengatik bakarrik, baita lortutako informazioarengatik ere.

Aztarnategia aspaldi eta behin baino gehiagotan induskatu zuten, eta, guztira, 30.000 fosil baino gehiago aurkitu zituzten. Rougierren taldeak banan-banan aztertu ditu, eta 99 neandertal-fosil identifikatu dituzte, 96 hezur-zati eta hiru hortz. Gómezek berak aurkitu ditu zati horietako batzuk, eta, gainera, saihetsak eta ornoak aztertu ditu, atal horietan aditua baita.

Arlo askotako espezialistak ere aritu dira elkarlanean, eta, hala, puzzle bateko piezak balira bezala, batzuk besteekin elkartu eta 35 gorputz-atalen 47 zati handi osatu dituzte. Gutxienez bost neandertalenak zirela ondorioztatu dute: lau heldu eta haur bat. Bestalde, karbono 14aren probaren bidez, hezurrek 40.500-45.500 urte dituztela jakin dute. Horrenbestez, Europako iparraldeko azkenetako neandertalak izan ziren.

Horrez gain, laginen DNA mitokondriala aztertu dute, eta 54 gizaki modernoenekin, aurretik sekuentziatutako 8 neandertalenekin, eta denisovar batenarekin alderatu dute. Ondorioztatu dutenez, Goyeteko neandertalak urruneko beste neandertalen antzekoak ziren (Alemania, Espainia, Kroazia); gaur egun distantzia horietara bizi garen gizaki modernook baino homogeneoagoak. Emaitzek aurreko ikerketa paleogenetikoek proposatutakoa berresten dute; hau da, neandertalen populazioa oro har, eta bereziki azken neandertalena, txikia zela.

Kanibalismoaren arrastoak

Genetikoki homogeneoak baziren ere, dibertsitate kultural handia zuten. “Horretan antzekoak gara”, adierazi du Gómezek. Are gehiago: “Juxtu ezaugarri horregatik, erraza egiten zait haiekin identifikatzea”. Dibertsitate horren adierazgarri nabarmena da hildakoekin zuten jokabidea, eta Goyeteko Hirugarren haitzuloan aurkitu dituzten arrastoek iparraldean hego-mendebaldean bezainbesteko dibertsitate handia zegoela hori berretsi dute.

Hezurrek gizakiek egindako markak dituzte. Eskuinekoak, adibidez, haragia kentzean egindako ebakiak eta lan-tresna gisa erabili zela frogatzen duten aztarnak ditu. Arg. Belgikako Natura Zientzien Errege Institutua.

Kanibalismoaren arrastoak garbiak dira. Neandertal-hezurren herenek ebakiak zituzten, eta askok muina ateratzeko emandako kolpeen arrastoak ere bazituzten. Aztarnategian neandertalek ehizatu eta jandako beste espezie batzuen hezurrak ere bazeuden, bereziki elur-oreinenak eta zaldienak, eta beren kideen gorpuak eta hezurrak animalia haienak bezala moztu eta txikitu zituztela ikusi dute: gorputz-atalak bereizi zituzten, barrunbeak erauzi, hezur luzeak hautsi, eta saihetsak eta garezurrak zuritu. 

Ikertzaileek, dena den, ezin dute esan kanibalismoa erritu baten barruan egiten ote zuten, edo, besterik gabe, elikatzeko. Gómezen esanean, zalantza hori argitzeko testuinguruak emandako informazioa beharko lukete, “eta kasu honetan, hori galdu egin da, hezurrak baino ez ditugu. Beste leku batzuetan ikusi izan da, adibidez, kanibalismo erritualean, giza hezurrak leku bereizi batean daudela, ez animalienekin nahasita. Aldiz, Atapuercako Homo antecessor-en kasuan, denak nahasian daude; hango kanibalismoa ez zen errituala izango, gastronomikoa baizik. Goyetekoa zer eratakoa zen jakiteko informaziorik ez dugu”.

Hezurrak, tresna

Hezurrak, jateko ez ezik, lan-tresna gisa erabili zituztela frogatzen duten aztarnak ere badituzte. Hori ere nabarmentzeko moduko aurkikuntza izan da. Izan ere, lau lekutan baino ez dituzte topatu lanerako erabilitako giza hezurrak, eta, gainera, Goyet da ale bat baino gehiago dituen leku bakarra.

Goyeteko Hirugarren haitzuloaren sarrera. Arg. Ramiouleko Prehistoria Museoa/copyright: A.C.Pottier

Hiru tibiatan eta femur batean aurkitu dituzte aztarna horiek. Antza denez, lehenik jateko txikitu zituzten, eta, gero, harria lantzeko egokiak zirela ikusita, erabili egin zituzten, beste animalia batzuenak erabiltzen zituzten bezala.

Zehazki, harrizko tresnei ukituak emateko eta fintzeko baliatu zituztela ondorioztatu dute ikertzaileek. Haien iritziz, seguru asko ohartuko ziren erabiltzen ari ziren hezurrak gizakienak zirela, baina, kanibalismoarekin gertatzen den bezala, kasu horretan ere ez dakite jokamolde sinboliko baten parte ote zen erabilera hori, edo funtzio horretarako animalienak bezain egokiak zirelako erabili zituzten.

Elkarlanaren adibide bikaina

Goyeteko hezurren azterketa elkarlanaren adibide aproposa da, Gómezen iritziz. Izan ere, espezialitate askotako adituen parte hartzerik gabe, emaitza ez litzateke hain ona izango.

Ikerketaren hazia aspaldi ernaldu zen. 2004an Hélène Rougier eta Isabelle Crevecoeur doktoreak neandertal-jatorriko hortz bat eta masailezur-zati bat identifikatu zituzten, Belgikako Natura Zientzien Errege Institutuan gordeta zegoen bilduma batean. Goyeteko bilduma osoaren (30.000 hezur baino gehiago) azterketa xehea hasteko abiapuntua izan zen aurkikuntza hura. Gero diziplinarteko lan-talde bat osatu zuten giza hezurrak ikertzeko, eta hala identifikatu zituzten 283 giza fosil, tartean, neandertalenak.

“Nire espezialitatea hominidoen saihetsak eta ornoak dira. Ikerketa horretan ari zirela, ni beste proiektu batean nengoen Isabellerekin. Alabaina, aukera izan nuen saihetsak ikusteko eta informazio pixka bat emateko. Ordurako bilduma bitan aztertua bazuten ere, nik hirugarrenez begira ote nezakeen galdetu nien. Baiezkoa eman zidaten, eta hirugarren aldi horretan hezur gehiago topatzea lortu genuen. Gero, saihetsak eta ornoak deskribatzen parte hartu nuen”, kontatu du Gómezek.

Diziplinartekotasunaren adibide izan da ikerketa. Argazkian, Hélène Rougier, erdian, taldeko bi espezialisten artean, Cédric Beauval (ezk) eta Isabelle Crevecoeur (esk). Arg. Hélène Rougier.

Haren iritziz, oso aberasgarria da nazioarteko halako talde batean parte hartzea, elkarlanean aritzeak ikasteko aukera paregabea eskaintzen baitu: “Oso interesgarria da lana egiteko modu desberdinak ezagutzen dituzulako, eta espezialitate askotako ikertzaileak elkartzen direlako. Asko gozatzen dut jakintza-truke horretan. Eta gainera, giza hezurrekin; beti sortzen du zirrara berezia giza hezur bat topatzeak eta identifikatzeak”.

Horrez gain, Rougierrek eta Crevecoeurrek egindako identifikazio-lan zaila azpimarratu du: “Milaka animalia-hezurren artean giza zati txiki bat identifikatzea ez da batere erraza”. Artikulua aurrera eramateko Rougierren zuzendaritza-lana ere nabarmendu du: “Egile guztion iradokizunak kontuan izan ditu. Gainera, lan-talde handia ginen, koordinatzeko zaila, baina Hélènek ezin hobeto egin du hori ere”. Ikerketa osoa oinarritu da, beraz, elkarlanean; haitzuloko hezur-pila begiratzetik hasi eta zientzia-aldizkarian artikulua argitaratu arteko bide osoa.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.