Kanada-France-Hawaii (CFHT) teleskopioak, teknika berri bati esker, Eugenia asteroidearen inguruan biraka dabilen asteroide txikiagoa behatu du. 1.190 km-ra dago eta 5 eguneko iraupena duten orbita zirkularrak osatzen ditu. Eugeniaren diametroa 215 km-koa da eta bere satelitearena, berriz, 13 bat km-koa. Gaurdaino halako asteroide-bikote bakarra aurkitu zuten astronomoek, Ida eta Dactyl asteroideak.
Aurkikuntza 1993an egin zen eta geroztik, bikote gehiago behatzeko egindako saio guztiek porrot egin dute. Eugeniaren grabitateak bere ilargian zuen eragina neurtu eta Eugenia asteroidearen masa kalkulatu ahal izan da. Ilargirik gabeko asteroideen masa kalkulatzeko modurik ez dago eta horregatik da horren garrantzitsua egindako aurkikuntza, asteroideen masa ezagutzeko metodo batez hornitzen gaituelako. Eugeniaren tamaina jada ezaguna zenez, masa neurtuta dentsitatea kalkulatzea erraza da.
Dentsitatea garrantzi handiko datua da asteroideen ikerketan, hura jakinda asteroidearen konposizioa eta sorrera ezagutu baititzakete ikertzaileek. Hala, Eugeniaren dentsitatea urarena baino % 20 handiagoa dela ikusi dute; eta hortik, asteroidea edo izotzez edo oso arroka porotsuz osaturik dagoela ondorioztatu dute.
Aurkikuntza 200 asteroideen behaketarako martxan jarritako programaren lehen emaitza da eta astronomoek bikote gehiago aurkitzea espero dute.