Duela 65 milioi urte, asteroide batek Lurra jo zuen. Nonbait, talka haren ondorioz galdu ziren dinosauroak. William Bottke astronomoa harago joan da, eta, Marte eta Jupiterren artean dauden arrokak aztertuta, ondorioztatu du litekeena dela asteroide hura lehenago izan zen beste talka batetik etortzea. Hain zuzen, uste du duela 160 milioi urte 170 km luze zen asteroide batek 60 km-ko beste bat jo zuela. Talkan sortutako puska bat Lurrerantz etorri zen, eta Yucatanen erori zen. Hori da, beraz, asteroide haren jatorria, Bottkeren arabera.