Asteroide bat bere orbitatik desbideratzen saiatuko da DART

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

asteroide-bat-bere-orbitatik-desbideratzen-saituko
DART zundaren eta LICIACube satelitearen irudikapen artistikoa. Haien atzean, Dimorphos eta Didymos asteroideak ageri dira. Arg. NASA/Johns Hopkins APL/Steve Gribben

NASAren aurreikuspenak betetzen badira, irailaren 26an 21:14 CET direnean (hau da, irailaren 27ko 01:14etan) DART misioa une kritikoenera iritsiko da. Izan ere, ordu horretan egingo du talka zundak, bere ituaren kontra: Dimorphos asteroidea. Helburua da talkak asteroidetik askatuko duen materiala neurtzea, horren araberakoa izango baita orbitaren desbideratzea. Eta hori da, hain justu, azken xedea, hau da, asteroideen orbita desbideratzeko sistema probatzea, etorkizunean, Lurraren aurka jo dezaketen asteroide mehatxagarriekin erabiltzeko.

Horrenbestez, DART misioa proba bat da, Dimorphos asteroidea ez baita mehatxu bat Lurrarentzat. Haren neurria eta kokapena, ordea, aproposak dira talkaren datuak biltzeko eta etorkizuneko mehatxuetatik babesteko ondorioak ateratzeko; horregatik aukeratu dute. 

Dimorphosek Didymos izeneko beste asteroide handiago bat orbitatzen du, eta, talkaren ondorioz, bien arteko distantzia txikitu egingo dela kalkulatu dute. Dimorphosek 160 metroko diametroa du, eta Didymosek, 780 m-koa. Talkaren unean, Lurretik nahiko gertu egongo dira: 11 milioi km. 

DART, berriz, Dimorphos baino 100 aldiz txikiagoa da, eta aurrez aurre joko du. Ezingo du suntsitu, baina Dimorphosen abiadura % 1 aldatuko duela espero dute. Zundaren DRACO kameraren bidez jasoko dira talkaren irudiak. Bestalde, duela egun batzuk, zundak zeraman LICIACube satelitea askatu, eta hura arduratuko da irudi eta datu gehiago jasotzeaz. Jakina, Lurretik ere egingo zaio jarraipena, baita James Webb teleskopioaren bidez ere. 

Eta ez da hor bukatuko asteroidea desbideratzeko egitasmoa. Izan ere, lau urte barru ESAk Heras misioa jaurtiko du, bi asteroideak, DART zundak eragindako kraterra eta Dimorphosen orbita bertatik bertara ikertzeko.
 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila